“Euskara aleka” Euskarabidearen podcastaren kapitulu berri batek Juan Beriain apaiz eta idazleak XVII. mendearen hasieran esandakoak berreskuratzen ditu, garai hartan euskarak nafar lurralde osoan zuen prestigioa eta presentzia azpimarratze aldera.

Beriain Utergan sortu zen 1566an, Izarbeibarren, Iruñetik 18 kilometrora. Apaizgoan sartu zen eta Etxagueko (Orbaibar) eta Utergako apaiza izan zen, 1633an hil zen arte. Garai hartan, euskara zen bai Utergako bai Nafarroako hizkuntza nagusia, eta halaxe izaten jarraitu zuen XIX. mendearen bigarren erdira arte. Beriainek bi liburu idatzi zituen ele bitan (euskaraz eta erdaraz), hain zuzen ere gaur egun San Frantzisko kalea deitzen den orduko Cuchilleria kalean zegoen Carlos Labayenen moldiztegi ospetsuan inprimatuak.

Liburuen edukiaz baino, sarreretan idatzitakoak dira azpimarratzekoak. Batetik, berak Iruñeko euskara moldean idazten duela azpimarratzen du testu horietan, une hartan Nafarroako Erresuman ulergarriena eta zabalduena den heinean; eta bestetik, munduko herri orok bere hizkuntza estimatu behar duela aldarrikatzen du; Nafarroaren kasuan, euskara: “Ez baita naziorik munduan bere aberriko jatorrizko mintzaira estimatu ez duenik, eta eskoletan irakurtzen eta idazten irakatsi ez duenik. Hori dela eta, bidezkoa da guk gure euskal hizkuntza estimatzea. Gaur egun arte, Iruñeko hiri txit noblean kontserbatu da, eta euskal lurralde guztian ere bai”.

Lekukotasun gehiago ere badira euskarak hiriburuan bertan XVII. mende erdialdean zuen indarraz. Adibidez, Iruñeko elizetako datuen arabera, eliztar gehienek euskaraz egiten zuten aitormena, zehazki, hamarretik zortzik. Hiriaren euskaltasunaren erakusgarri, Miguel de Iturbide zaldunaren hitzak ere berreskuratzen ditu podcastaren kapitulu honek: “Erresuma honetako jatorrizko hizkuntza euskara da, mendialde guztietan, Tafallako hiritik Pirinioetarantz, eta bereziki Iruñeko hiri honetan”.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:

Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.