Entzierroaz eta Sanferminez artikulu andana idatzi zuten zenbait kazetarik euskaraz Iruñeko prentsan, 1910etik aurrera artikulu sorta ederra plazaratu baitzen harat-honat hiriburuko erdal egunkarietan. Halaxe gogoratzen du Euskarabidearen “Euskara aleka” podcastaren kapitulu honek. Haien artean daude Jose Agerre, Enrique Zubiri Manezaundi eta, bereziki, Fermin Irigaray Larreko eta Agustin Irigarai Apat Lepazar.

“Nik ere egin behar diat behin bederen nire lasterraldia zezenen aitzinean”. Halaxe idatzi zuen El Pensamiento Navarro egunkarian 1918ko uztailean Lepazar deituriko idazleak. Umorez blaitu zuen bere artikulua: “Estafeta karrikan, han zen yendeketa! Nik haatik beldur gutti, nire ondokoak berriz, denak dardarka (...). Izerdi unean, hatsik gabe, oso itsuturik, doi-doi hurbildu nintzelarik plazara, hesian kopetaz jo eta biribil-biribil lurrera erori nintzen. Ama maitea, hiltzear nago, salba nazazu! Zezenak gainean ditut! Hona hemen adarra eta… Nor zen? Poliziaren esku-makila, ipurdian ziztatzen zidalarik. Eta zezenak oraindik Aiuntamentuko plazan”.

Fermin Irigaray hiriko sendagile eta idazleak bestelako ikuspegia zuen Sanferminez, Argia aldizkaria 1924ean idatzi zuenaren arabera: “Gau eta egun jan eta edan, jauzi eta dantza, oihu eta garrasi, soinu txarrez harraboska. Aste honetan zer bestondo ilunak bazterretan! Zer sakel-zimurrak!”. Harentzat, gainera, “astokeria andia” ziren entzierroak.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Jurio, Peio Monteano, Jose Maria Satrustegi, Patxi Salaberri, Joxemiel Bidador, Mikel Belasko, Fernando Maiora eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaile eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:

Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.