2009ko txapelketa honek jendartean izandako arrakasta ikusita, DBH3ko ikasleok bertsolaritzari buruzko lantxo hau argitaratzea erabaki dugu. Txapelketez gain, badago bestelako informaziorik, eta horregatik, bertsolaritzaren generoa bera ezagutarazi nahi dizuegu. Hiruhileko osoa ahozko literatura lantzen aritu ondoren, badugu zer kontatu!

Bertsolaritza lirikaren barnean, tradiziotik ez datozenen artean kokatzen den azpigeneroa da eta egungo ahozko literaturaren ardatza dela esan daiteke. Izan ere, zenbait genero ahultzen joan diren bezala, bertsolaritza indartzen joan da. Horren lekuko dira, esate baterako, bertso-eskolen ugaritasuna, txapelketetan gazteen parte hartzea ugaritzea edo emakumeen presentzia.

Bertsolaritzak bi adar ditu: bat-bateko bertsoak eta bertso jarriak edo bertsopaperak. Bata bestea bezain funtsezkoak, baina beraien artean oso desberdinak dira.

Bat-bateko bertsogintzan, bi une guztiz berezik eta desberdinek bat egiten dute, sortzeak eta interpretatzeak, alegia. Bertso jarrietan, aldiz, bi une horiek ez dute bat egiten.

Bat-bateko saioak, jendaurrean egiten dira eta entzulea ukitu eta liluratzea bilatzen da. Horretarako, bertsoa kantatzeaz gain, an-tzeztu egin behar da, unean uneko eta tokian tokiko arrazoi-erantzunak erabili behar dira laburbilduz eta publikoagana iritsi behar da bertsolaria.

Bertso jarrietan prozedura oso desberdina da. Gai baten inguruan bertsolariak bakardadean gogoeta egiten du eta, gero, interpretatzean, berak nahi duen bezala antolatzen du emanaldia, musikaren lagun-tzarekin eta ahotsekin jokatuz.

Hizkuntzari erreparatuz, arlo bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Bat-batekotasunean, ahozko hizkera arina eta bizia da. Bertso jarriak, berriz, idatziak direnez, landuagoak izaten dira.

Bertsolaritza mota hauek, funtzio ezberdinak dituzte gainera. Bat-bateko bertsoetan, entzuleak entretenitzea, zirikatzea eta umorea jar-tzea du bertsolariak helburu eta bertsopaperetan, ordea, gertakizunei buruz norberaren ikuspuntua ematea, bakoitzaren gogoetak aditzera ematea edota istorio bat kontatzea.

Egungo bertsolarien eta entzuleen ezaugarriak aztertuz, aldaketa handiak sumatuko dira lehengoetatik oraingoetara. Izan ere, bizitza aldatuz joan den heinean, bertsolaritza ere aldatu egin da.

Orain dela gutxi arte, bertsolariak baserri girokoak ziren eta egungoak eskolatu egiten dira; gehienak unibertsitatean eta baita bertso-eskoletan ere.

Entzuleak ere desberdinak dira. Lehen, jende heldua eta baserri, mendi, edo herri txikietako girokoa zen. Azken 20 urteetan, aldiz, edozein gizarte maila eta adinetako entzuleak nabaritzen joan dira.

Hizkuntza erregistroei begiratuz, aldea dagoela sumatzen dugu. Lehen, erregistroak berdintsuak ziren ,baina gaur egun, hizkera ezberdinak erabiltzen dituzte bertsolariak.

Modu berean, bertsoaren arau teknikoak beste era batera betetzen dira orain: errimak aberatsagoak dira, doinu desberdin gehiago daude…

Metrikaren aldetik, bertsolaritza egituratzeko unitatea bertsoa, ahapaldia edo estrofa da. Honek, hiru arau nagusi ditu: kantatzeko doinua behar du, silabak ondo neurtu behar dira eta puntu bakoitza errimatu egin behar du. Hau guztia kontutan hartuta, hainbat moldetako bertsoak daude; txikia, handia eta berezia.

Molde txikian, oinak edo errimatzen duten hitzak, bi lerrotik bi lerrora azaltzen dira eta oin batetik bestera dagoen tartea puntua da. Hau horrela izanda, kopla txikiak 4 lerro ditu eta 2 puntu, zortziko txikiak, 8 lerro eta 4 puntu eta hamarreko txikiak 10 lerro eta 5 puntu . Guztiek, erritmo bera dute, 7/6 silabakoak alegia.

Molde handian, 10/8 silabako erritmoa dute ahapaldiek, oinak bi lerrotik bi lerrora azaltzen dira puntu bat osatuz eta 10 silabako lerroek etenaldi bat dute erdian. Beraz, kopla handiak, 4 lerro eta 2 puntu ditu, zortziko handiak, 8 lerro eta 4 puntu eta azkenik, hamarreko handiak 10 lerro eta 5 puntu.

Bukatzeko, molde bereziak daude. Neurri berezietan, oin guztiak ez doaz bi lerrotik bi lerrora, batzuetan lerrotik lerrora ere bai. Silaben metrika ere ez da ohikoa eta doinuak bereziak dira.