DONOSTIA. Debagoienako Turismoak Oñati-Arrikrutz kobetara (Gipuzkoa) bisitak antolatu ditu, Oñatin Aizkorriko mendiguneko Gesaltza-Arrikrutzeko sistema karstikoan daudenak. Goi Jurasiko eta Behe Kretazeo garaietan, duela 154 eta 96 milioi urte bitartean, kareharri eta dolomitetan garatutako haitzuloa da, alegia.

Debagoienako Turismoak adierazi duenez, sistemak elkar konektaturiko 14 kilometro galeria eta sei pisu gainezarri ditu. Antolatutako bisita 53. galerian zehar doa, ekialdeko sektorean, galeria fosila dena eta garai batean Aldaolako isurbide zena. Sekzio handiko galeriak azaltzen dira estalagmita konkrezio interesgarriak dituztenak. 390 metroko luzera duen galeria hau aldapan behera doa 55 metro, bataz besteko bederatzi graduko maldan.

Kobako ibilbidean zehar landuko diren gaiak dira ura eta hidrologia haitzuloaren eskultore gisa; kobaren formazio geologikoa eta honen aberastasunaren balorazioa; unibertso mineralaren sorrera, eta aurkikuntza arkeologiko eta paleontologikoak, hala nola haitzuloetako lehoiaren eskeleto osoa, eskeleto partzialak eta pantera garezurrak.

Abuztuan zehar bisitak 9:30etik 14:30era eta 15:30etik 19:00etara egin daitezke. Irailean, ordutegi berbera izango da, baina astelehenetan ezin izango da bisitarik egin. Informazio gehiago www.oinati.eus/turismo webgunean edo 943082000 zenbakira deituz eskura daiteke.