Nasuvinsa sozietate publikoak landa-ingurunera hedatu nahi ditu etxebizitzak zaharberritzearen eta alokairuan eskaintzearen aldeko politikak, bertako herritarren eta bereziki gazteen eskariari erantzun ahal izateko. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak, Nasuvinsaren bitartez, landa-ingurunean kokatutako erabilerarik gabeko udal eraikinen zaharberritze integralari ekiteko lan-ildoa ireki du, eta udalekin sinaturiko hitzarmenak direla medio, horietan guztietan alokairuko etxebizitza sustatuko du.

Foru Exekutiboko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak eta Nasuvinsa sozietate publikoko zuzendari kudeatzaile José Mª Aierdik hitzarmenak sinatu dituzte gaur goizean Auritz, Jaurrieta eta Uxueko alkateak diren Luis de Potestad, José Ángel Cambra eta Rubén Sánchez Remónekin eta Aurizberriko kontzejuko lehendakari Mikel Joseba Landabererekin, formula horri atxikitako lehendabiziko lau esku-hartzeak abian jartzeko.

Hitzarmenetan aurreikusi denez, toki entitateek erabilerarik gabeko udal titulartasuneko etxeen zesioa eginen diote Nasuvinsari eraikinak zaharberritu eta gaitzeko, eta horietan, alokairuko etxebizitzak sustatuko dira 1,5 milioi euro inguruko inbertsioari esker, sozietate publikoari etxebizitza horien errentamendu babestuaren kudeaketa erraztuz eta, 15 edo 25 urteren ondoren, eraikinak udalei itzultzeko aukera bermatuz, inbertsioa amortizatu eta gero. Nasuvinsa sozietateak beste herri batzuetara hedatu nahi du formula hau, bertako herritarren artean dagoen etxebizitza eskariari erantzuteko eta landa-ingurunean gertatzen ari den despopulamendua arintzen laguntzeko.

Horrela, landa-despopulamenduaren fenomenoa gehien kaltetzen ari den biztanle kopuru txikieneko toki entitateek, udal aurrekontuen mugapenei atxikitako inbertsio-gaitasun eskasa gainditu eta erabilerarik gabeko eraikinak berreskuratzen ahalko dituzte alokairu publikoko etxebizitzak sortuz, eta etorkizunera begira, udal etxebizitza parkea izateko aukera bermatuz zaharberritzearen ondorioz birbalioztaturiko eraikinetan.

270.000 eta 450.000 euro bitarteko proiektuak

Zehazkiago esanda, Nasuvinsak hitzarmen hauetan Pirinioetako Auritz, Aurizberri eta Jaurrieta herrietan aurreikusiak dituen lau esku-hartzeetan, sozietate publikoak 450.000 euro inbertitu beharko ditu lehendabiziko bietan eta 300.000 euro hirugarrenean, eta inbertsio horien truk launa etxebizitza izanen ditu zesioan utzitako eraikinetan. Bestetik, Uxueko eraikinean, sozietate publikoak 270.000 euro inbertituko ditu 5 etxebizitza prestatzeko. Guztizko inbertsioa publikoa 1.470.000 eurokoa izanen da.

Arkitektura proiektuak idatzita daude jadanik ?Uxuen eta Jaurrietan udalek landu dituzte, eta Nasuvinsak Auritzen eta Aurizberrin- eta lanen lizitazioa foru Gobernuaren kontratazioaren atarian argitaratuko da heldu den astean, lau zaharberritzeak udaren ondotik bukatzeko xedez.Lau eraikinetako erreformen eta inguratzaile termikoen proiektuak energia-eraginkortasunari buruzko goi mailako estandarren arabera gauzatuko dira; zehazkiago esanda, Passivhaus Institutuak zaharberritze proiektuetarako sorturiko EnerPHit ziurtagiriaren babespean. Faktore hau garrantzi handikoa da Pirinioetako herriendako, horietan neurtzen baitira neguan Foru Komunitateko tenperaturarik hotzenak.

Herrien despopulatzeari aurre egitea

Kasu guztietan, bi logela dituzten etxebizitzak dira, inguruko herrietako gazteei errentan eskaintzeko arras egokiak. Alokairu merkeko etxebizitza sustatzea ?Bera, Irurita eta Garraldako eraikin berrietan nahiz eraikin publiko zaharberrituetan-, industrialde txikietan zoru eta jarduera industriala garatzea eta Lursarea agentzia landa inguruneko enpleguaren sorkuntza bultzatzeko sustatzen ari den lurralde garapen iraunkorreko estrategiak finkatzea dira Nasuvinsak erronka demografikoari erantzuteko eta azken hamarkadetan Foru Komunitateko zenbait eskualdetan gertatzen ari den despopulatze prozesuari aurre egiteko abian dituen hiru ekintza-ildo nagusiak.

Eraikinak zaharberritzeko eta auzoak nahiz landa-inguruneak onbideratzeko estrategiak bultzatzea da Nasuvinsa garatzen ari den etxebizitza politiken beste lehentasunetako bat. Horren harira, gaur udal ondareko eraikinak zaharberritzeko sinatu diren lau hitzarmenen aurretik, joan den astean, 5,1 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen alokatzeko parke publikoko 87 etxebizitza zaharberritzeko, eta horrekin batera, sozietate publikoak Lizarrako ospitale zaharra berreskuratzeko eta bertan alokairuko 14 etxebizitza sustatzeko lanak lizitatu berri ditu, 700.000 euroko aurrekontuarekin.

Ondare higiezin publikoan bultzatutako jarduketa hauei gehitu behar zaizkie aurretiaz egindako beste batzuk; hala nola, Iruñeko Alde Zaharreko Konpainia kaleko eraikin batean gazteei zuzendutako alokairuko lau etxebizitza antolatzeko hasitako esku-hartzea, edota lehengo bidezainen etxeak berreskuratzeko Zangozan, Erronkarin eta Oronoz-Mugairin gauzatzen ari diren proiektuak.

Aldi berean, etxebizitza parke pribatuari dagokionez, Nasuvinsak SustaiNAVility proiektu europarra aktibatu berri du, Iruñeko Txantrea auzoko mila etxebizitzatan baino gehiagotan egiten ari den zaharberritze energetikoaren eta hiri-birsorkuntzaren aldeko eredua zabaldu eta Iruñerriko bost herritan ?Barañain, Zizur Nagusia, Antsoain, Atarrabia eta Noain- antzeko Esku-Hartze Globaleko Proiektuak bultzatzeko xedez, 4.000 etxebizitza baino gehiago barne hartuz.