etxeko berriak

Aurreko ikasturtean kontatu genizuen bezala, geure ikastetxeko jolastokia eraldatzeko prozesu partehartzaile bat abiatu genuen duela jada zortzi bat urte.

Aurrera eramandako eskuhar-tzeen artean, auzolanean eskola komunitateak aurrera eramandakoak ditugu. Jolasak marraztea zoruan, gurpilak jartzea ikasleek bertan gorputzaren ezagupenerako hainbat jolas egin ahal izateko, bobina industrialen berregokitzea altzairu moduan erabiltzeko, egurrezko mahai eta banku borobilak jartzea elkarbizitza bultzatu eta jolas lasaiak aurrera eraman ahal izateko, hormen margoketa inguru alai eta erakargarriagoa bat sortzeko edo paletak birziklatuz lorontzi ederrak sortzea, besteak beste.

Eraldaketa arkitektoniko hauetaz gain, jabetu ginen ere futbolaren gehiegizko presentziaz geure jolas garaietan, horretara bideratutako espazioa mugatua izan arren. Horregatik, astean 2 egun baloirik gabeko egun bezala ezarri genituen. Era horretan astean bitan baloiaren protagonismorik ez duten jolasei eman nahi genien aukera. Bi egun horietan eta baita gainontzekoetan ere, ikasleek eurek kudeatzen duten materialaren gurdia ateratzen dugu orain. Bertan ikasleek bestelako jolasetarako proposamenak aurkitzen dituzte: sokak, uztaiak, xakeak, partxisak, diaboloak, indiakak, raketak, boloak? Ikasleek jolasaldiaren hasieran har ditzakete, arduradunek apuntatzen dute, eta jolasaldiaren amaieran itzultzeko ardura hartzen du norberak. Oso ekimen positiboa izan da, ikasleei euren aisialdian era alternatiboan jolasteko prozesuan erabateko protagonismoa ematen zaielako eta eskertzen dutelako.

Patioa naturalizatzeko proiektua Horretaz gain, iazko artikuluan ere Iruñeko Udalak geure patioa naturalizatzeko proiektu bat egina zuela kontatzen genizuen, baina oraindik gauzatuko ez zena, tramite administratiboak tarteko. Proiektu horretan geure jolastokian belar naturalez osatutako belardi handi bat txertatzeko asmoa zegoen, zuhaitzekin, aldapatsua eta horrek gure ikasleen garapen integralerako izan zezakeen eragin positiboaz aritu ginen. Izaki bizidunak, mendixkak korrika egin edo itzulipurdiak egin ahal izateko eta bestelako milaka aukera eskainiko zizkiguna. Oraingoan ordea, poz-pozik kontatzen dizuegu proiektu hori onartuta, lizitatua eta tramite guztiak gaindituta dituela eta aurten gauzatuko dela. Irrikatan gaude bukatuta dagoenean mundu guztiari erakusteko, baina bitartean irudian ikus dezakezue erreprodukzio bat, Udalak egindako proiektuaren planoan oinarritutakoa.