Apirilaren 24an, Liburuaren Egunaren aitzakian, gure ikastetxean Sustraiak Guraso Elkarteak Mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin batera antolaturiko “Noraino” literatur eta ilustrazio lehiaketaren II. edizioa ospatu zen. Ikasleen talentu literario zein artistikoa sustatu eta euskarazko idazketan eta komunikazioan haur eta gazteen irudimena pizteko helburuarekin, eskola komunitate osoaren parte-hartzea bilatzen duen ekimen ederra dugu hau. Izan ere, idazlan eta marrazkien egileak ikasleak badira ere, horiek irakurri, aztertu, baloratu eta saritzen dituztenak guraso, irakasle nahiz eskolako langileak izan ohi dira.

Aurten, lanak sortzeko aukeratu zen gaia, gure kulturarekin lotura sinboliko handia duen SUA izan zen. Horrela, ilustrazio zein testu bidez gaiaren inguruko ekoizpen ugari sortu zituzten ikasleek.

Deialdia Larraintzar Ikastetxeko ikasleria osoari zabaldu bazitzaion ere, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehendabiziko zikloko ikasleei, familien laguntza jasotzeko aukera eman zitzaien.

Kategoria eta modalitateen arabera, saritutako ikasleak ondorengoak izan ziren:

- Haur Hezkuntzako 1. , 2. eta 3. mailakoen kategorian eta ilustrazio modalitatearen baitan, lehen saria Aimar Juvera Lizasok jaso zuen, “Sua” lanarekin.

- Lehen Hezkuntzako 1. , 2. eta 3. mailakoen kategorian lehen saria: 2. mailako Elaia Oiartzun Arregik jaso zuen, “Haizea eta sua” izeneko ipuinarekin.

- Lehen Hezkuntzako 4. 5. eta 6.mailakoen kategorian lehen saria 4. mailako Denis Domeño Gomes, “Nire barruan sua dago”-rekin.

- DBH 1. , 2. ,3. eta 4.mailakoen kategoriako lehen saria 3. mailako Joanes Martinez de Icaya García eskuratu zuen, “Sorrera ederra” narrazio poetikoarekin.

Bertzalde, Publikoaren Saria kategorian ondorengoak nabarmendu ziren:

- Haur Hezkuntzan, Julen Ostiz Alves, “Dragoia dantzan eta pertsonaiak musikarekin” ilustrazioarekin.

- Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailakoen kategorian, Oier Ezkurra Goyeneche, “Etxe errea” idazlanarekin.

- Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailakoen kategorian, Naroa Landiribar Cobos, “Agian sua magikoa da” idazlanarekin.

- DBH 1, 2, 3 eta 4. mailakoen kategorian, Irati Otegi Irure, “Suaren ondoan” bertsoarekin.