Aurreko ikasturtean, Jaso ikastolako ekologia eta jasangarritasuna lan taldeak ikastola ondoan dugun Arga ibaiaren zati bat garbitzeko egitasmoa abian jarri zuen.

Egitasmo horri, gure ikastolaren izenarekin jolastuz, Arga Jaso izena eman genion; eta, apirilean, Arga Jasoren udaberriko edizioa antolatu genuen. Hilabateak pasa dira, eta, orain, udazkeneko edizioa egin dugu. Izan ere, urriaren 14an goiz osoa pasa genuen Barañaingo Eultza parkearen ondotik pasatzen den ibai zatia garbitzen.

Esan beharra dago egitasmoa Iruñerriko Mankomunitatearekin batera antolatu dugula eta udaberriko edizioaren aurretik Nafarroako Basozainen hitzaldia izan bagenuen, oraingo honetan, udazkeneko edizioan, EKOLUR ingurumen aholkularitza zentroko biologo baten hitzaldia izan dugu. Izan ere, ibai garbiketa baino lehen, Manu Rubio biologoak ibaietako bioaniztasunaren inguruko solasaldia izan zuen ikasleekin eta bertan ur-zikloa eta gure erreka zein ibaien inguruan gauza asko ikasi genituen. Adibidez, ibaia ez dela bakarrik ura, baizik eta ur horren inguruan dagoen lur eremua, landaretza eta inkluso ur horren inguruan dagoen airea. Bestetik, Rubiok azaldu zigun ibaietan ez daudela arrainak bakarrik, baizik eta zomorroak ere badirela; eta, zomorro horien azterketaren ondorioz, jakin dezakegula ibai hori zer nolako egoeran dagoen. Esate baterako, badirudi Arga ibaian zomorro ugari aurkitu daitezkeela eta horrek esan nahi du ibaiak ur kalitate ona eramaten duela.

Zorionez, aurreko hamarkadekin konparatuz, Arga ibaiaren ur kalitateak asko hobetu du eta bioaniztasun handiko zonaldea da, gaur egun. Hala ere, kontuan izan behar dugu Arga gure hiritik, Iruñetik, pasatzen den ibaia dela eta, tamalez, gizakion eragin negatiboa nabaria da. Horren isla da Arga Jasoren bi edizioetan jaso dugun zabor pila.

Aurreko edizioan bezala, goizeko 10:00etan elkartu ginen Eultza parkean eta lanarekin hasi baino lehen, EKOLUR-eko biologoa uretan sartu eta bertan aurkitutako zomorroak mikroskopioarekin ikusten aritu ginen. Ikaragarria da hain izen arraroak dituzten zomorro txiki hauek zer nolako garran-tzia duten ibai baten bizitzarako. Zomorroak dauden lekuan horiek jateko arrainak eta txoriak daude; arrainak eta txoriak dauden lekuan landaretza dago; eta horixe bera da bioaniztasunaren katea. Horiek guztien inguruan aritu ondoren, ibaia garbitzen hasi ginen. Horretarako, Iruñerriko mankomunitateak jarritako eskularruak, pinzak eta txalekoak erabili genituen; eta, zoritxarrez hondakinak biltzeko ekarritako kontainerra txiki geratu zitzaigun. Benetan deigarria egin zitzaigun ibaiaren ondoan dauden zuhaitz eta adaxketatik zenbat toallita hartu behar izan genituen. Beraz, badakizue: kontuz nora botatzen dituzuen toallitak! Baina tira, horiek bakarrik ez genituen aurkitu: gurpilak, plastikozko bidoiak, plastikozko botilak, sofa bat, burdinezko latak eta abarrekoak ere aurkitu genituen.

Baina dena ez denez lana egitea izan behar, goizari amaiera eman genion merezitako hamaiketako eder batekin. Egitasmo hau, urtero-urtero, bereziki LHko 5. eta 6.mailako ikasleekin lantzeko asmoa dugu, baina ibai garbiketa egiten den larunbatean Jaso komunitate osoa eta kanpotik etor daiteekeen edozein pertsona ongi etorria da. Helburua da ingurumena kontserbatzen laguntzea eta gure komunitateak baliabide naturalak zaintzearen garrantziaz kontzien-tzia hartzea. Arga ibaia baliabide natural garrantzitsua da, Iruñerrian, eta haren kontserbazioa funtsezkoa da oreka ekologikoari eta bioaniztasnari eusteko. Horretaz gain, adituen esanetan, Arga ibarrak azken urteotan izan duen aldaketa eredugarria omen da, Europa mailan, eta bertan bizi garenoi horretaz konsziente izateko eta gozatzeko deia egin nahi dugu, egitasmo honen bitartez.

Honaino Arga Jaso udazkeneko edizioak eman duena. Adi egon! Hurrengo udaberrian gehiago!