Hortik abiatuta, pasa den ikasturtean ikastetxeko Hezigarri talde sustatzaileko kideek KONTSEILU TXIKIA martxan jartzeko proposamena eskolako klaustroari luzatu zioten, eta adostasuna erabatekoa izan zen.

Ikasturte honen hasieran Kontseilu Txikia martxan jartzeko kudeaketa egin zen. Kontseilu Txikiaren inguruko aurkezpena prestatu genuen, tutoreekin geletan lantzeko: Kontseilu Txikiaren esanahia, partaideak, helburuak, gelako ordezkarien egin beharrak, jorratuko diren gaiak, etab.. Horretaz gain, ikastetxeko Eskola Kontseilua zer den ezagutzeko aukera izan zuten.

Kontseilu Txikia, azkenean, azaroaren 2an osatu zen, gure ikastetxeko liburutegian, bertako kideak Lehen Hezkuntzako 4, 5. eta 6. mailako ikasleen ordezkariak izanik. 

Ospatu dugun lehenengo Kontseilu Txikian Zuzendaritza Taldeko eta gela bakoitzeko ordezkarien aurkezpena egin da. Aurretik banatu zitzaien Kontseilu Txikiaren Koadernoan bileran jorratutako gaiak apuntatu dituzte, gero haien gelakideei azaltzeko asmoarekin. Koaderno horretan ere geletan jasoko dituzten proposamenak idatzi ahal izango dituzte.

Lehenengo kontseiluaren gai nagusia Jolasgaraia izan da. Ikasleek proposamen interesgarriak egin dituzte momentu garrantzitsu horren antolaketa hobetzeko eta aberasteko helburuarekin. 

Ikasturtean zehar bestelako gaiak jorratuko dira eta tarte berezia izango dute eskolako festek eta egun berezien antolaketek (Euskararen Eguna, Neguko Festa, inauteria, Korrika, ikasturte amaierako festa,...). Bestetik, euskararen erabilera sustatzeko jardueretan ere ordezkarien iritzia eta parte hartzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Hiruhileko bakoitzean bi bilera egitea aurreikusi dugu. Bilerak eskolako Liburutegian egingo dira, ostegunetan arratsaldeko azken saioan. Dena dela, beste momentu puntual batzuetan elkartzeko beharra ikustekotan jolasgaraian egingo da.

Urtarriletik aurrera LH 3.mailako ordezkariak batuko dira Kontseilu Txikiko bileretara. Gainontzeko geletara modu ezberdinez iritsiko zaie informazioa eta haien ekarpenak ere tutoreen bitartez edo 6.mailako ordezkarien bitartez egingo da.

Laster bigarren bilera izanen dugu. Ordurako Jolasgaraiaren inguruan egin dituzten ekarpen eta proposamenak aztertuko ditugu eta aurrera eraman daitezkeenak zeintzuk diren aipatuko dizkiegu. Bilera horretan abenduan ospatuko ditugun Euskararen Eguna eta Neguko festaren inguruko proposamenak egiteko aukera izango dute ere.