Lesakako Tantirumairu ikastolako 5. mailako ikasleek harrera egin diote lehengo hilabetean Suediako sokatira mundialean parte-hartu zuen Karmele Pikaberari (Lesaka, 1980). Luze solastu dute Karmelerekin eta hark mila gauza interesgarri kontatu dizkie 5. mailako ikasleei.

Zenbat urterekin hasi zinen sokatira egiten?

Ni 2006an hasi nintzen sokatira egiten. Orduan, banituen 26 urte, beraz ateri kontuak! 17 urte daramazkit mundu honetan!

Zergatik hasi zinen sokatira egiten?

Ez nintzen sokatiran hasi. Lesakako neska batzuk elkartu ginen eta ez genituen betiko kirolak egin nahi (futbola, pilota…). Bagenekien sokatira talde bat zegoela eta orduan, sokatira taldean zegoen mutiko baten etxera joan ginen, atejoka. Mutikoari herriko kiroletan parte-hartzen hasi nahi genuela adierazi genion. Hurrengo egunetan, herri kiroletan hasi ginen eta azkenean, poliki-poliki, sokatira munduan sartzen hasi ginen.

Noiz hasi zinen Beti Gazteko taldean parte-hartzen?

Beti Gazte taldean zuen adina neukala hasi nintzen, baina garai hartan areto futbolean ibiltzen hasi nintzen. Beranduago, ez nuen neska talderik topatu Lesakan eta horregatik, Berara joan nintzen futbolera jolastera. Horrez gain, hondartzako futbolean aritu nintzen. Gero, 2006an sokatira taldean sartu nintzen eta tartean, Hondarribian 2 urtez egon nintzen arraunean, traineruan.

Inguruko sokatira talde bakarra al zarete?

Nafarroan talde asko gaude: gu, Beti Gazte. Hemen urbilean Amaiur taldea dugu ere. Nahiko berria da baina fuerte heldu da. Iruñean beste hiru daude: Txantrea, Ansoain, Berriozar. Sakana aldean ere beti izan da ohitura eta gero Betelun ere badago bertze talde bat. Orduan Nafarroa mailan bagaude dexente. Gipuzkoan ere badago talde bat, Ibarra. Bizkaian Abadino dago. Hasi berriak dira baina horiek ere oso polit heldu dira. Gero Gaztegi eta Araban, badago bertze talde bat Badaiutz deitzen dena.

Non egiten dituzue entrenamenduak?

Lesakako Irain eskolaren goiko aldean frontoi bat dago. Frontoi horren barrenean etxola bat dago, egurrez egina dagoena, eta hor barnean entrenatzen dugu guk. Han gordetzen ditugu gure gomak, poleak, gure sokak eta zapatilak. Historio guztiak han edukitzen ditugu.

Zenbatero izaten duzue entrenamendu saio bat?

Taldeak astean bitan entrenatzen du, asteartetan eta ortzegunetan. Egun horietan, soka besterik ez dugu entrenatzen. Gero, ahal dugunean, gure kabuz entrenatzen dugu. Posible dugunean, korrika egitera eta bizikleran ibiltzera ateratzen gara, edota gimnasiora joaten gara. Norberak bere entrenamendua bere kabuz burutzen du.

Harreman ona al duzu zure taldekideekin?

Bira, hau da guretzako punturik fuertena. Talde batean nahiz eta hagitz onak izan, elkarren arteko harremana ez baldin bada ona, nik uste dut ezinezkoa dela emaitzak lortzea. Orduan, gure artean harremana hagitz-hagitz ona da, bai kirolean, baita kampoan ere. Astean zehar mendira joateko elkartzen gara. Kirolaz gain, hagitz-hagitz garrantzitsua da elkarren arteko harreman ona izatea, gero emaitza onak izateko, bai.

Zer moduz Suediako esperientzia?

Ia hilabete bat pasa da Suediako esperientzia bizitu genuenetik eta iruditzen zaigu oso urruti dagoela. Hala ere, kriston esperientzia izan da. Orain arte lortu ditugun emaitzarik oberenak izan dira eta erran bezala, talde bezala, oso konpenetratuak gaudenez izugarrizko esperientzia izan da, eta izan da eta oraindik da. Oilo larrua jartzen zait bakarrik lortu genuenaz pentsatzearekin, orduan hagitz-hagitz esperientzi polita eta abersagarria izan zen.

Zein izan zen Suedian bizi zenuten momenturik politena?

Ez dakit horren berri duzuen edo ez, baina guk Beti Gazte bezala egin genuen tiro, baita Euskal Selekzio bezala ere. Izan ere, Euskal Herriko txapelduna, Euskal Selekzioan bihurtzen da mundialetan. Hori asko gustatu zitzaidan. Gero, lehenengo goizean urrea lortu genuen eta hagitz polita izan zen momentua. Arratsaldean, mutilek bertze urre bat irabazi zuten eta horrek eguna borobildu zuen. Orduan, lehenego egunean, horrelako olatu batean sartu ginen eta hagitz polita izan zen hori bizitzea.

Zein izan zen zure momenturik zailena?

Momentu zail asko pasatzen dira ere. Goizeko lau t’erdietan jaikitzen ginen eta arratseko hamabiak arte ez ginen oheratzen. Estadiotik hotelera itzuli behar ginen, dutxatu, afaldu, materiala berriz prestatu… Alde horretatik, fisikoki, gogorra da. Emozionalki badaude momentu gogorrak ere. Batzuetan ez zaude tiro egiteko umorez eta hala ere, tirada bat egin behar duzu. Hurrengo tirada ez duzu horren ona egiten eta orduan zure buruarekin haserretzen zara. Talde moduan badaude momentu batzuk zailak direnak eta tira, batzuetan behean egotea tokatzen zaizu eta bertze batzuetan, goian.

Zenbat domina irabazi dituzu?

Beti Gazte bezala, bueno… Beti Gazte eta Euskal Herriko selekzio bezala 11 kategoria desberdinetara aurkeztu gara eta 11 kategorieta horietatik, denetatik ekarri ditugu dominak: 6 urre, 2 zilar eta 3 brontze. Nire kasuan, 5 domin ekarri ditut: 2 urre, zilar 1 eta 2 brontze.

Noiz pentsatzen duzu sokatira uztea?

Beno erran dizueten bezala, nik baditut jada 43 urte. Orduan, nik ere tokia utzi behar dut. Gazteak heldu dira atzetik eta tokia utzi behar zaie, baina beno, hurrengo mundiala Txinan, Taiwanen, dugu eta nere helburua Taiwanera tiratzen iristea da. Ikusiko dugu nire gorputzak aguantatzen duen. Hala ere, ez naiz inoiz sokatiratik erretiratuko. Jende gaztea etortzen denean, hor atzetik egonen naiz laguntzeko prest.