Nafarroa, arragoa, sua eta ura, kondaira urratu baten ohiartzun oihukatua; amets bat baino gehiago, ez oparotasun osoa, nahiaren eta eziñaren burrukatoki ekaitzez betea. Xabier Leteren hitzek indartsu loratu zuten nafar sentimendua atzokoan ere. Nafarroako Erresumaren hilezkortasunaren hosto lehorrek margotzen dute udazkena, abenduaren hasiera hizkuntza eta nortasunean oinarrituz. 

Astearte honetan, Abenduak 3an, Nafarroaren eta Euskararen egunean, hizkuntza eta identitatea ahantzian gera ez dadin, Elkartu Foroak, Nafarroako subiranotasun politikorako topagune eta eztabaida gune plural bezala izendatzen den organismoak, elkarretaratzea antolatu zuen Iruñeako Sarasate pasealekuan. Bertan, ehun bat lagunen aurrean, Foruei egindako monumentuan, nafar banderek izan zuten protagonismoa. 

“Orreaga Fundazioak ezin izan du aurtengo elkarretaratzean parte hartu. Elkartu Forotik, nafar eta iruñeako jende askok bizitzen duen sentimenduari omenaldi txiki bat egin nahi genion”, azaldu zuen Julián Cenozek, foroko bozeramaileak. “Instituzioek euskal kultura eta nafar nortasuna ahaztu dute. Guretzat garrantzi handia duen egun honi gertutasuna ematea izan da helburua, Iruñeako jendeak parte hartzeko eta gure identitatea defendatu eta bermatzeko”, argitu zuen.

Elkartu Foruak antolatutako elkarretaratzea atzo Foruen Monumentuan. Patxi Cascante

Aldarria

Festa eta memoriarako eguna izan arren, erreibindikazioarentzat ere lekua utzi zuen Elkartu Foroak. “Nafar soberania defendatzen dugu, gure hizkuntza eta gure herrialdearen defentsa sutsuarekin. Aspalditik datorren erronka dugu hau, baina gure ideiekin aurrera egiteko intentzioa dugu Nafarroak duen historia eta tradizioak mahai gainean jarri harte”, aldarrikatu zuen Cenozek. 

Izan ere, Elkartu Foroak, informazio saioak eta eztabaida guneak antolatzen ditu nafar historiaren inguruan, LORAFNA-ren inguruan, euskal mitologia, euskararen bilakaera, eta abar. Informazio eta eztabaidarako gune hauek presentzialki nahiz sare sozialetan aurki daitezke, edonoren eskura.

Erakundearen mezuaren ondoren, kantuaren eta dantzaren unea heldu zen. Gerturatutako lagunek, euskal kantuen melodiaz, dantzaz eta irrintziez bete zuten Sarasate etorbidea. Nafarroako banderen mugimenduaz eta lagun arteko berriketek eman zioten bukaera ekitaldiari. “Independentzia!” eta “Gora Nafarroa Askatuta” oihuak ere entzun ziren jendartean. Nafar sentimenduaren ikur dira duela urte asko abenduaren 3an batzen diren lagunak, amodioaz eta aldarriaz gidatuak. 

Zure lur emankorretan ixurtzen diren asmoak gogotsu hartuko ahal ditu lur gozoak. Agur esan berri digun Benito Lertxundiren hitzez, lehen bezala bihar ere, Nafarroa.