Zein izanen da Emakumeen Nazioarteko Egunaren helburua aurten?

–Alde batetik, faxismoa eta feminismoaren kontrako jarrera erreakzionarioak salatzea, ikusmiran jartzea eta horien aurka jotzea. Bestetik, emakume trans eta bolleroak jasaten ditugun egunerokotasuneko zapalkuntzak mahai gainean berriro ere jartzea eta horien aurka joango garela adieraztea. Eta, azkenik, aliantza feministen apologia egitea, ikusmiran jartzea guzti honi aurre egiteko moduetako bat badela aliantzak jostearena, ez bakarrik mugimendu feministaren barruan gauden eragileon artean, baizik eta mugimendu feministatik kanpo bestelako herri mugimenduko bestelako eragileekin ere bai. Keinu txiki bat egin nahiko genioke ere munduan erresistentzia egoeratan dauden herriei, elkartasuna adieraziz.

Zertan zehazten ari da oldarraldi faxista eta jarrera erreakzionarioa?

–Egia da faxismoaren kontra jotzen dugula diogula, baina jarrera erreakzionarioak ere agerian utzi nahi ditugu. Alde batetik, faxismoaren aurka jotzen dugu, agerian utziz eskuin muturreko alderdiak nola posizionatzen diren indarkeria matxista ukatzen eta nola horrelako diskurtsoak eramaten dituzten aurrera, nola ukatzen duten indarkeria matxista existitzen denik ere. Baina beste alde batetik, argi utzi nahi genukeena da faxismoa ez dela kanpoan kokatzen den zeozer, gure artean, ezkerreko mugimenduetan edota herri mugimenduetan ere badaudela jarrera erreakzionario batzuk, nahiz eta ezin ditugun faxismo bezala izendatu. Feminismoaren aurka jotzen duten jarrerak dira, sektore batek haien pribilegioak kolokan ikusten dituenean edo zalantzan ikusten dituenean pizten direnak. Sektore bat diotenean, gizonetaz ari naiz zehazki. Badaude jarrera batzuk ezin ditugunak onartu, eta hor mugimendu feministak argi ditu zeintzuk diren bere marra gorriak.

Gizonezko askok barneratu duten diskurtso bat da?

–Bai. Eta egia da askotan gazteengan kokatzen dela errealitate hori. Ikerketa batzuk atera dira emakumeak ezkerreko politiketan kokatzen direla eta mutilak eskuin aldera doazela adieraziz. Baina hor argitu beharra dago, Gazte Feministek esaten duten bezala, hau ez dela gizon gazteentan ematen ari den fenomeno bat. Ulertu beharra da feminismoak aurrera egin duela eta lehen jartzen ez ziren marra gorriak jartzen ditugula gaur. Akaso aitari esaten ez zitzaiona semeari esaten zaiola orain, askoz gehiago markatzen direla mugak, eta horregatik ematen dela erreakzio hori mutiko gazteen aldetik.

Erreakzio horien anplifikadore lana egiten dute sare sozialek, internetek?

–Bai, sare sozialetatik jasaten ditugu Euskal Herriko testuinguruan jarrera erreakzionario horiek. Bai militante feministok bai, orokorrean, emakumeek, bollerek, transek, militante transfeministek. Eta hor egia da mugimendu feministak badaukala erronka bat, sareetan antolatzekoa edo, ez dakit nola esan, begiak ez estaltzekoa, pasako ez balitz bezala ez egitekoa. Antolatzekoa. Alor hori zailago egiten zaigu orain arte kaleetan egon garelako eta hor antolatu garelako. Baina jarrera matxista eta erreakzionarioak oso azkar ari dira sareetan zabaltzen eta batzuetan kosta egiten zaigu mugimendu feministatik horren kontra antolatzea, gurea ahotsa kolektiboa delako , adostu beharrekoa. Erronka handia daukagu hor.

Indarkeriak nondik etortzen diren zehaztu dugu. Baina nork paira-tzen du?

–Esango nuke emakumeok, trans eta bollerook jasaten dugula indarkeria hori, baina baita ere pertsona edo gorputz arrazializatuek edota migratuek. Hori ez da ezer berria. Badaramagu borroka historiko bat horrekin, intersekzionalitatetik lantzen. Asko aurreratu dugun arren oraindik ere badugu zer egin, izan ere, geroz eta zehaztasun gehiagotara jotzen dugu indarkeriak identifikatzerakoan. Eta geroz eta zehaztasun gehiagotara heltzen garen heinean, erreakzioa geroz eta bortitzagoa da. Dagoeneko onartua dago gizon batek ezin duela bere emaztea jo, denok ados gaude horretan, baina gero eta zehaztasun eta konplexutasun handiago batekin ulertu indarkeria matxista, geroz eta zailagoa da ulertzen, geroz eta zailagoa onartzen eta pribilegio horietatik aldentzen.

Ausardia da aurtengo leloko hitz gakoetako bat. Ausardia, nola ulertuta?

–Feminismoarekin lerrokatzeko eta erosotasunetik ateratzeko ausardia. Norberak bere inguruan atzematen dituen jarrera erreakzionarioak salatzeko, baita antolatzeko, kolektiboki, eta mugimendu feministara gerturatzeko, ematen diren zapalkuntza guztiei izena jarri eta erantzun bateratu bat emateko.

Eta bigarren hitz gakoa, aliantza feminista.

–Bai, mugimendu feministak erakutsi digu intersekzionalitatearen teoria eta nola zeharkatzen gaituzten zapalkuntza ezberdinek. Aliantzetaz ari garenean abanikoa zabala da. Mugimendu feministaren baitan eman daitezkeen aliantzez ari gara, mugimendu transfeministarekin edo antiarrazistarekin, adibidez; baina baita herri mugimenduko eragile desberdinekin egin daitezkeenez ere. Lanketa garrantzitsu bat daukagu hor aliantzak josten jarraitzeko. Baina uste dut mugimendu feministak badaramala jada urte asko horretan, eta gai izan dela adierazteko hori dela bidea.

Alde horretatik, Euskal Herriko Mugimendu Feminista indartsu dagoela errango zenuke?

–Bai. Egia da iazko greba orokorrak mugimendu feminista berriro artikulatzeko balio izan zuela, herri eta eskualde askotara iritsi zela. Nafarroa mailan izugarrizko lanketa egin genuen eskualde guztietara iristeko, herri askorekin harremana egiteko, saretzeko. Ezin dugu mantendu greba feminista batek eskatzen duen intentsitate maila, baina egia da indartsu gaudela.

Indarkeria matxista ezin da bistatik kendu. Urte hasiera bereziki la-tza izan da Euskal Herrian...

–Bai, bi emakume hil dituzte. Martxoaren 8an, azaroaren 25ean esaten genuena esaten jarraituko dugu: gizonek ezin duzue konplize izaten jarraitu zuen lagun erasotzaileekin. Aldi berean, zuek ere badaukazue ardura bat, nahiz eta esplizituki erasotzaile ez izan. Pribilegio horietatik mugitzeko, lanketa bat egiteko eta gaur egungo gizontasun eredu orokorretik aldentzeko beharra dago, lotsa aldez aldatzeko. Aski da eraso egiteaz.

Krisi ekosoziala hertsiki lotuta dago borroka feministarekin. Zertan zehazten da?

–Gaur egun krisi ekosozial batean murgilduta gaude, kapitalismoak, patriarkatuak eta kolonialismoak sostengatzen dutena. Sistema honek bizitzaren kontra atentatzen du, ez bakarrik pertsonena, baita naturarena ere. Ekofeminismotik aldarrikatzen dena da uztea lurrak pribatizatzeari, merkantilizatzeari, negozioa egiteari lurrarekin eta bestelako eredu batzuetara mugitzea. Berriki Aroztegiaren auziaren kontrako manifestaldi oso jendetsua izan dugu Iruñean, lurraren defentsaren kriminalizazio horren aurka eginez. Hortik doa bidea. Feminismoa intersekzionala dela esaten dugunean, zeharkatzen gaituzten zapalkuntza guztiak bere baitan hartzen dituelako eta erdigunean jartzeko asmoa duelako da.

Migrazio politikei erreparatzea ere ezinbestekoa suertatzen da. Zein-tzuk dira zapalkuntza horren barrenean nabarmenduko zenituzkeen aldarrikapenak?

–Irakurketa, migrazio politikak ikuspegi guztiz arrazista batetik egiten direla da. Etengabe trabak jartzen zaizkie etorkinei edo kanpotik datozen guztiei. Are gehiago, hemen bizi eta sortu diren pertsona arrazializatuen kontra ere jotzen du sistemak. Azkenaldian, adibidez, segurtasunaren izenean presentzia polizialaren areagotze argi bat ikusi dugu, eta hori ere salatu nahi dugu. Sistema arrazista honek sostengatzen dituen hainbat jokabideekin, bai polizia ereduan ematen diren jokabideekin, baita migrazio politikekin ere bukatu beharra dago. Eta hor, Euskal Herritik guzti hau salatzeko ardura daukagu.