Elkartasuna eraikitzen deitu diogu Lesakako Irain Herri Eskolako 5. mailako ikasleek eta Andra Mari Zahar Etxeko egoiliarrek elkar lanean aitzinera atera dugun proiektuari. Ikasturte osoan zehar, hilabeteko maiztasunarekin gutxi goiti-beheiti, jarduera ezberdinak burutu ditugu denen artean, enpatiazko jarrerak bultza-tzea, konfiantzazko ingurune bateko kide izatea eta elkartasun eta lankidetzan oinarritutako talde lana sustatzea helburu zutenak.
Jarduerak orotarikoak izan dira. Hasteko, Elkarrizan bolondres taldekoak etorri ziren eskolara, Zahar Etxeko egoiliarrekin egiten duten lan paregabea ezagutarazi eta bertan dauden pertsonei nola lagundu diezaiekegun azaltzera. Ondoren, hurrengo ezinbertzeko pausoa elkar ezagutzea izan zen. Zahar Etxeko egoitzara hurbildu ginen 5. mailako 20 ikasleak, urduritasunez, jakinminez baina esperientzia aberasgarria izanen zenaren ziurtasunez. Lehen egun hartan aurkezpenak egiteaz gain, marrazkiak eta apaingarriak egin genituen, elkar ezagutzeko lehen pausoak emateko asmoz. Behin ezezagutzaren lehen pareta jausi ondoren, desiatzen egoten ginen Zahar Etxera joateko hitzordua noiz ailegatuko. Eta bertako egoiliarrak ere antzera egoten zirela antzematen genuen.
Hilabeteak aitzinera joan ahala, hamaika momentu zirraragarri pasatu ditugu elkarrekin. Adibidez, azaroan eskolan egiten dugun azokarako (Lesakan egiten den udazkeneko feriaren bezperan burutzen duguna) eskulanak egin genituen, gero erakusgai egon zirenak azokako bestan. Abenduan berriz, gabon kantak abestera hurbildu ginen, garaiak eskatzen duen bezela jantzita. Gabonetan Kultur Etxean Irain Herri Eskolak burutzen duen gabonetako jaialdira ere gonbidatu genituen eta lehen lerroan egon ziren eskolako ikasleen dantza eta kanta ezberdinak ikusten. Otsailan inauteriak izan genituen solasgai eta Zahar Etxea apaintzeko eskulanak egin genituen. Inauterietako jaialdian, gabonetakoan egin genuen gisara, Kultur Etxera gonbidatu genituen, jaialdiaz gozatu zezaten. Apirilan berriz, Mahai Jokoen Eguna ospatu genuen, eta guk geure mahai joko gustukoenak erakusten genizkien bitartean, beraiek gehien erabiltzen dituztenak azaldu zizkiguten.
Eta hasten den guztiak bukaera bat duenez, pena handiz baina proiektu hau ere (aurtengoz bakarrik, datorren ikasturtean martxan jarriko dugulako berriz) ailegatu zen bere bukaerara. Horretarako egun berezia prestatu genuen. Lehendabiziko, Elkarrizan bolondres taldeko kideekin batera, Andra Mariko egoiliarrak herrian zehar paseatzera atera genituen, eguraldi onak lagunduta. Ederra izan zen gure herriko karriketatik ibiltzea, hain konpainia ederrean! Behin ibilaldia bukatuta, Lesakako “Harriondoa” Kultur Etxearen atarira hurbildu ginen eta bertan familia argazkiak atera genituen, egindako lan bikainaren oroigarri gisa. Eta Euskal Herrian ospakizunak mahai bueltan bukatzen direnez, guk ere hamaiketako goxo batez gozatzeko aukera izan genuen. Horretarako, ordu pare bat lehenago mahaiak jakiz eta edariz hornituta geneuzkan eta kanpora atera bertzerik ez genuen egin behar. Patata tortilla, txistorra, gazta, urdaiazpiko… platerak airean joan ziren, freskagarri eta ardo botilez lagunduta (bakoitzari berea!). Bizkotxo zatiekin eman genion bukaera egunari eta aurtengo proiektuari.
Proiektu aberasgarri bezain hunkigarri bat burutu dugu aurten. Lehen aldia zen horrelako zerbait egiten genuela baina ez da azken aldia izanen. Hurrengo ikasturtera arte!