‘PLOS Climate’ aldizkarian argitaratu den ikerketa batek azaltzen duenez, kontrolik gabeko klima-aldaketa batek munduko Barne Produktu Gordina % 24 jaits lezake 2100. urterako. Cambridgeko Unibertsitateko climaTRACES laborategiko zientzialariak buru izan dituen ikerketak ohartarazten duenez, herrialde bakar batek ere ez du galera ekonomiko horietatik ihes egingo berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten ez badira.
Azterlana egiteko 174 herrialdetako datuak aztertu dira. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, diru-sarrera baxuagoak dituzten herrialderik beroenetan BPGaren jaitsiera munduko batezbestekoa baino % 30 eta % 60 handiagoa izan liteke.
Klima-aldaketaren ondorio ekonomikoek herrialde guztiei eta sektore ekonomiko guztiei eragingo die
Ostera, Parisko Hitzarmeneko helburuak beteko balira, etekin ekonomiko globala % 0,25ekoa izan liteke. KamiarMohaddeseta MehdiRaissi ikertzaileek 2100. urtera bitartean izan daitezkeen zenbait klima-agertoki alderatu dituzte, urtean 0,04 graduko igoera iraunkorra izatetik berotze gehigarririk gabeko agertoki hipotetiko batera.Lortu dituzten emaitzen arabera, eta pentsatu ohi denaren kontra, hegoaldeko herrialderik beroenak ez dira klima-aldaketarekin arduratu beharko liratekeen bakarrak.
Bi zientzialariek gogorarazten dutenez, duela hamabost urte inguru, ekonomista gehienek defendatzen zuten klima-aldaketaren ondorioak hegoaldeko herrialderik beroenetan bakarrik nabarituko zirela. Mugarik gabeko inpaktua Aurkeztu duten txostenaren baitan, tenperaturak urtero 0,04 gradu zentigradu igotzen jarraitzen badu arintze-neurri minimoekin, munduko per capita BPGa % 10 eta %11 artean jaitsiko litzateke XXI. mendearen amaierarako. Klimaren berezko aldagarritasunak galerak % 12 edo % 14ra arte igo ditzake. Isurien egoerarik muturrekoenean, galerak % 20 eta % 24 artekoak izango lirateke, beroketa gehigarririk gabeko mundu batekin alderatuta. Zifra horiek aberastasun globalaren murrizketa masiboa adierazten dute, eta horrek sektore ekonomiko guztiei eragingo lieke.
Parisko Hitzarmenean jasotako helburuak beteko balira, mende amaieran galerak izan beharrean, etekin ekonomiko globala % 0,25era iritsiko litzateke
Zientzialariek berotze-erritmo eta klima-aldagarritasun gradu ezberdinak jasotzen dituzten Klima-aldaketaren Inguruko Adituen Nazioarteko Panelaren (IPCC)proiekzioak erabili dituzte. Era berean, klima-aldaketaren inpaktuak leuntzeko eta horietara egokitzeko har daitezkeen hainbat neurri ere aintzat hartu dira. Proiekzioak erreferentziazko bi agertokitan alderatu dira: lehena, non tenperaturek 1960tik 2014ra bitartean ikusitako joerei jarraitzen diete, eta, bigarren bat berotzerik gabea. Herrialde pobreak zaurgarriagoak dira Klima-aldaketak herrialde guztietako BPGari eragingo badie ere, arrakala handia ikus daiteke herrialde ezberdinen artean. Horrela, tenperatura altuagoak eta diru-sarrera baxuagoak dituzten herrialdeen kasuan, galera ekonomikoak nazioarteko batezbestekoa baino nabarmen handiagoak izango direla aurreikusten da. Esan bezala, herrialde horietako aberastasuna, zenbait kasutan, % 60an jaitsi ahal izango da. Inpaktu ekonomikoaren banaketa desorekatu horrek egun herrialde aberatsen eta pobreen artean den desparekotasuna sendotzen du.
Izan ere, klima-aldaketara egokitzeko baliabide gutxiago dituzten herrialdeak izango dira ondorio larrienak pairatu behar izango dituztenak, nahiz eta egoera horretara iristeko emisio gutxien eragin dituztenak izan. Txostenean azpimarratzen denez, klima-aldaketaren inpaktu ekonomikoak herrialde guztiei eragingo die, hotzak zein beroak; aberatsak zein pobreak. Izan ere, sektore ekonomiko guztiek pairatuko dituzte krisi horren ondorioak: garraioaren industria, manufaktura-industria, merkataritza… Azken finean, klima-aldaketak ez die eragingo nekazaritzari eta naturari lotuta izan ohi diren bestelako sektoreei bakarrik; eraldaketa ekonomiko oso bat ekarriko du. Inpaktu ekonomiko larriak ekiditeko ezinbestekoa da emisioak murrizteko neurriak ahalik eta lasterren hartzea. Azterlana burutu duten ikertzaileen ustez, horrek nazioarteko lankidetza koordinatuaren garrantzia azpimarratzen du.
Cambrigdeko Unibertsitatean egindako azterlanaren arabera, Parisko Hitzarmena betetzeak galera ekonomiko itzelak ekidingo lituzke
Ekintza klimatikoaren balio ekonomikoa Urteko tenperatura igoera 0,01 gradutara mugatzea helburu duten Parisko Hitzarmeneko helburuak betetzeak galara ekonomikotik % 0m25eko etekin ekonomikora pasatzea ahalbidetuko luke. Etekin hori txikia badirudi ere, mundu mailako ekonomian bilioi dolar askoren baliokidea da. Ikerketaren arabera, ekintza klimatikoak, ingurumen-kalteak ekiditeaz gain, etorkizuneko hazkunde ekonomikoa ere babesten du. Klima-aldaketaren ondorioak erabat deuseztatu ezin badituzte ere, klima-aldaketara egokitzeko neurriek galera ekonomikoak murrizten lagun dezakete. Hortaz, zientzialarien ustez, premiazko ekintza bat behar da klima-aldaketari aurre egiteko eta ekonomiak diru-sarreren galera berrietatik babesteko. Ezer ez egitearen kostuak nabarmen gaindituko lituzke karbono gutxiko ekonomiarako trantsiziorako behar diren inbertsioak.