Patxi Larraintzar eskolan, elkarbizitza osasuntsu eta eraikitzaile batean hezitzeko bidean, Bake-Zirkulu edo zirkulu errestauratiboen erabileran murgildu gara. Zirkuluen bidez, elkarrekiko loturak indartzen ditugu, enpatia lantzen dugu, talde gatazkak konpontzeko sentimenduen bitarteko bide arduratsu bat garatzen dugu eta eragindako kalteak leheneratzea ahalbidetzen dugu, eskolako komunitatearen kideen ongizatea hobetzea ahalbidetuz.

Iaz, irakaslegoak errestaurazioaren inguruan formakuntza sakona jaso genuen eta eskola mailan martxan jarri gara, eskolako etapa eta maila guztietan zirkuluak gauzatuz. Hasieran: txanden errespetua, lasaitasuna eta denon parte hartzearen bermatzea landu egiten dira eta poliki egoera edo kontzeptu potoloagoak garatuko dira: autoestimua, laguntasuna, errespetua, beldurrak… Egoera konkretuak ere lantzen direlarik: taldean izandako gatazkak, sendatu gabeko barruko minak, dolua…

Zirkulu errestauratiboak, erreparazioan eta ikaskuntzan oinarritutako esku-hartze modu bat dira, parte hartzeko eta erabakiak hartzeko prozesu kolektibo baten bidez, non kide bakoitza: ikusia, entzuna, ez epaitua, babestua eta lagundua sentitzen da.

Zirkulu mota desberdinak daude: prebenziorako zirkuluak, etorkizunean gatazkak sortzea saihesteko erabiltzen diren elkarrizketa zirkuluak dira; eta zirkulu terapeutikoak, errestauratze edo leheneratze helburua dutenak, gatazka baten ondorioz kaltetutako harremanak berrezartzeko dira.

Zirkuluei esker, ikasleek konfiantzazko giro bat sortzen dute, non haurrek euren esperientziei eta beharrei buruz hitz egin dezakete mudu seguruan. Eragindako ondorioak jaso eta hausnartu egiten dira, norberaren ekintzen ardura hartzera lagunduz. Horrek, egoeraren ulermen handiagoa, sakonagoa izatea ahalbidetzen du eta ondorioz, konponbide eraikitzaile eta eraginkorragoak aurkitu ahalbidetzen du.

Oraindik ere, bide honetan lan handia daukagu aurretik: gure ikasleekin dinamika hauek modu sekuentziatu batean programazioetan txertatu, zirkulu gelak sortu eta ornitu, beste eskolekin sarea eraiki esperientziak eta materialak partekatzeko, eskola komunitatearen beste kideekin esperientzia zabaldu… Hala, gure hezkuntza-komunitate-errestauratiboak gizarteratzerako bidearen hastapena emango duelarik. Gizarte mailan, erreparatzeko gaitasuna garatuz, gure inguruan ematen diren hainbat injustizia egoerak saiezteko aukera izango genuke.