Mitoaroaren hirugarren atalaren prestaketa lanetan murgilduta dago Pello Reparaz hilabeteotan. San Mamesen bi egunez 80.000 pertsona bilduko dituen ikuskizun erraldoiaren inguruan elkarrizketarik ematen ari ez diren arren, tartea hartu du DIARIO DE NOTICIAS-ekin solastatzeko jaso berri duen Sustraiak sariaren kontura, honen oinarriak guztiz bat egiten baitu Euskal Herriko panorama kulturalean mugarri bat ezarri duen proiektuaren funtsarekin. Onartu behar baita Mitoaroak iritzi asko eragin dituela baina epel, ez duela inor epel utzi.

Premios Diario de Noticias Sariak  | Mensaje de Pello Reparaz

Premios Diario de Noticias Sariak | Mensaje de Pello Reparaz DIARIO DE NOTICIAS

DIARIO DE NOTICIAS-ek, beren lehenengo sari banaketan, Sustraiak saria eman dizu. Zein aldarterekin jaso duzu onarpen hau?  

Bizitza bat daramat musikaren munduan lanean, eta egia da azken lauzpabost urteetan jaso ditudala bizitzan jaso ditudan sari guztiak. Polita da errekonozimendu hori jasotzea, eta kasu honetan are eta ederragoa, sariaren esentzia loturik dagoelako, ez hainbeste musikarekin, baizik eta proiektuaren ideiarekin, kontzeptuarekin eta sormen intentzioarekin. Izan ere, Zetaken izatea justifikatzen du sormen intentzioak. Eta horrekin nahikotxo obsesionatu naiz azken urteetan, horrek eman dio zentzuak proiektuari. Beraz, sari honek ilusio berezia egiten dit horregatik, egiten diolako so esentzia eta identitate horren aldarrikapenari.

Zein da, azken batean, Mitoaroak erdietsi nahi duen helburua. Mitologia ezagutzera ematea? Berrinterpretatzea? Bietatik badu?

Nik fikzioa maite dut eta daukat sentsazioa badagoela zer landua euskal musika herrikoiaren testuinguruan behintzat, fikzioaren arloan. Eta Mitoaroa hori da, fikzio obra bat da, non gertatzen den crossover bat, nafar eta Nafarroatik kanpoko inauterietako pertsonaien artean eta mitologiako pertsonaien artean. Corssover horretan dago gakoa. Aaztiyen diskoan planteatu genuen kontzeptuari so eginez, gure tradizioarekin jolastu nahi izan dugu, gure ohiturak erabiliz eta hauei bizi berri bat emanez, gure ikuspegitik. Tradizioa iraganeko gauza gisa identifikatu beharrean, honekin jolasten ari gara, gaur egun hartu dezakeen forma desberdinak irudikatzen, esperimentatzen eta probatzen. 

Esperimentazio horrek kritikak piztu ditzake, eta hala izan da Mitoaroaren kasuan. Zer deritzozu horri?

Uste dut, eta esan dezaket zehazki, 2013 urtetik orain arte jaso ditudala kritikak nabarmenki. Nire obra eta nire figura izan dira kritiken objektu askotan, eta horrekin ohitu naiz. Bai Aaztiyen-ekin bai Mitoaroarekin, apropiazioaz hitz egin da, baita horrelako ekitaldi masiboek euskal musikaren ekosisteman duten eraginaz. Nik oso-oso gertutik jarraitzen ditut kritika hauek, eta gustatzen zait hortik ere hausnarketak ateratzea, nire burua ere zalantzan jartzea. Azkenean, uste dut proiektu herrikoi bat gauzatzen duzun momentutik, garrantzitsua dela halakoak kontuan hartzea eta proiektuak izan ditzakeen eraginak ere aztertzea. Hori bai, ez dut inolaz ere obsesionatu nahi horrekin eta, ez dut gezurrik esango, askotan zenbait gauza irakurri eta entzuten ditut, eta barrea ere ateratzen zait. Beraz, alde horretatik uste dut ari naizela oreka bilatzen. Debate interesgarria dagoen momentuan nire inguruko jendearekin elkarrizketa eta hausnarketa sakonak izaten ditut, baina ingurukoekin, ez zaidalako publikoki egitea gustatzen eta ez dut behar hori sentitzen ere. Beraz, beldurrik ez, baina bai errespetua eta ikasteko gogoa.

Mitoaren hirugarren kapituluaren prestaketa lanetan buru-belarri zabiltza. Zer moduz doa afera? Nola daramazu?

Nafarroa Arenan egon ginen lehenengo entregarekin, gero Donostiara joan ginen eta orain San Mamesera goaz. Eta egia da proiektu asko-asko-asko handitu dela. 80.000 lagunetik gora izango dira gurekin Bilbon, bi data daude lotuta... Badago hor presio eta espektatiba maila bat ez dudana aurretik sekula izan. Lehenengo aldia da ari naizela horrekin bizi-tzen, eta hori magalean dudalarik, sortzen. Presio hori nahiko ondo daramadala sinesten dut, baina egia da kañeroa izaten ari dela prozesua: jende asko daukat inguruan sortzen, lan talde asko. Lan talde berriak, departamentu berriak ere sartu dira jokoan San Mameseko hirugarren honekin, eta asko ikasten ari naizen sentsazioarekin bukatzen ditut egunak. Daukagun energia guztia eskainiko diogu jendeari. 

Zer uste duzu izan dela jendearengana hainbeste iritsi dena? 

Nik uste dut Zetak-en lantaldeak baduela arriskua hartzeko konplexu falta bat, ez dauka beldurrik, gauza berriak probatzeko eta dena zalantzan jartzeko grin hori badauka. Orduan, horrek uste dut eraman gaituela orain arte egin ez den fumada moduko bat egitera. Hori da Mitoaroa, azkenean. Inauteriak eta mitologiaren arteko corssover bat egitea ez da ohikoena, hori izan zen gure apustua eta jendeak bat egin du horrekin. Ondoren, bestelako diziplinak ere sartu dira tartean, aktoretzaren mundua eta zinemagintzatik ere asko edaten duen influentzia bat. Diziplina anitzeko proiektu horren izatearekin bat egin du jendeak, zerbait bitxia eta ezberdina sortu dugula uste dut, eta jendeak baloratzen du ere guzti hori euskaraz izatea.  

Hirugarren honi dagokionez, zeozer aurreratu daiteke? 

Elkarrizketak ez gara egiten ari. Izan ere, bi datak bete ditugula badakigu eta, horregatik, ez daukagu komunikazio aldetik ezer aurreratzeko beharrik. Nahiago dugu mantendu sekretismo hori, jakin-min hori jendearengan, gure zalegoarengan, eta horrek ere emango dio Mitoaroari egun horretako energiaren bultzada potente bat. Orain arte komunikatu duguna da etorkizun distopiko batean kokatuko den Euskal Herri batean jazoko dela. Baina hortik aurrera ez dugu ezer gehiago esan. Eta horrela mantenduko dugu.

Nola ari zara bizitzen zu, artista bezala, guzti hau?

Kutsu oniriko moduko bat dauka. Ni 12 urterekin hasi nintzen musika herrikoian, modu batera edo bestera esatearren. 12 urterekin jo nuen nire lehen abestia Altsasuko gaztetxean Sukar Beltza izeneko talde batekin. Ordutik hasita nahiko topera bizi izan dut musika herrikoian egin dudan bide hau. 23 urte daramatzat honetan eta profesionalki azken hamahiruak. Guzti hau iritsi zait une batean non urte asko daramatzadan honetan, hostia asko jaso ditut, kritika asko, ulertu dut zer egin dudan ondo, zer ez hain ondo, zer akats egin ditugun... Akats guzti horietatik asko ikasi dut, lurrera itsatsita jarraitzeko esfortzua egin dut, eta nire inguruak ere horretan lagundu dit. Horrekin oso pozik, oso harro eta oso lasai nago. Orduan, egia da guzti hau iritsi zaidala digeritzea errazagoa zaidan puntu batean. Ikaragarri pozik nago hau bizitzearekin orain eta ez 17 edo 18 urterekin, ez dakit zer izango litzatekeen.