Udabetean sartu gara. Kaleak turistaz mukuru ditugu. Eta pozik gaude. Pandemia aurreko giroa berreskuratu asmo dugulako. Turistaren profila aldatu egin omen da, hala ere. Europarra areago, itsasoaz bestaldekoa baino. Eta europarrak ba omen du bestelako jakinmin bat. Kultuagoa ote den…

Kontua da turista-gidez bete zaizkigula kaleak. Turistak taldetan batu eta ume txikiak balira lez, kaleetan barrena bidaiarazten dituzten gidez. Eta nonahi aurkituko dituzu. Herriko edo hiriko zirrikiturik ustekabeenetan, herriko edo hiriko istoriorik aldrebesenak kontatzen. Sarritan galdetzen diot ene buruari, herriko espaloietan argazkiak ezin aterata ikusten ditugun turista horiek berriro bueltatuko ote diren. Istorio arraro horiek guztiak entzuten dituzten turista horiek gutaz zer esango ote duten oporretatik bueltatzen direnean. Europan gutaz zer irudi eraikitzen ariko diren.

Ez dut pentsatu nahi Europako beste edozein hiriren antzeko irudia egiten dutenik gutaz. Parametro bertsuetan neurtzen gaituztenik. Beste esperientzia bat gehiago bagina lez disfrutatzen dutenik gurean. Ez nuke hori horrela denik pentsatu nahi. Bestela, globalizazioak, uste baino koxka handiagoa egin digula onartu beharko bainuke.

Turismoak euskal hiriari sarrera handiak dakarkizkio eta, gainera, turismoa Europari (eta munduari) euskal hiria erakusteko erakusleiho paregabea da. Munduari gure herri izaera erakusteko estakurua. Diru-sarreretatik haratago, herri legitimazioa irabazteko aukera (anbizio puntu bat gehiagorekin). Zeren eta ni oso harroa naiz (edo inozoa) eta sinisten baitut euskal hiriaren bertuteetan eta turista bati kontatu beharko genizkiokeen istorio literarioez haratago, Euskal Herriaren eta euskal hiri(ar)en historia gordinean. Herri egiten gaituzten ezaugarrietan. Eta kontakizun hori bateratu eta biderkatu beharrean. Zeren eta gidei berehala antzematen zaie, benetako istorio-historia noiz kontatzen ari diren. Benetako herri bati buruz ari diren, edota modako beste konstrukto bat eraikitzen ari ote diren…