Gazteek argi laranja biztu dute. Denbora da, egia esan, argi horitik laranjara pasatu zirela. Presiopean bizi direla dioskue. Ikasketak burutu behar dituzte (eta ez nolanahi), lan on bat aurkitu behar dute, familia bat eratu, etxea erosi, seme-alabak izan, husten ari diren herriak suspertu behar dituzte, herrietako jaiei arima erantsi, berritzaileak behar dute izan, eta ekologiaren, feminismoaren, klima aldaketaren, burujabetzaren eta ez dakigu zenbat behar gehiagoren aldeko borrokari eutsi… eta itolarriari erantzun ezinda, planto egiten hasiak dira. Batzuk, isilean. Beste batzuk, aurrez aurre diote: lanari planto. Eta iraupenezko bizitzaren aldeko apustua egiten hasi dira. Bizitzeko behar duten gutti horretarako bakarrik lan eginez. Egunerokoa ateratzeko, eta kitto.

Ez, ez dira alferrak. Ez inozoak. Ezta prestakuntzarik gabeak ere. Inoiz baino gazteria formatuagoa daukagu. Baina, jada, ez dute Mario Conderen garaiko gazteek bezala irabazten. Ez dute garai hartako gazteek zuten (edo aitortzen zitzaien) aurarik. Esperientzia gabeak direla esaten diegu, esperientziarik gabe ezin diegula gehiago ordaindu, esperientzia izateko urteak behar dituztela, eta bitartean demostratu dezatela balio dutela… eta bitartean erakutsi dezatela konpromisoa… eta bitartean formatzen jarrai dezatela… eta bitartean izan dezatela familia baina ahal bada, lanera huts gehiegi egin gabe… eta bitartean, pasa dezatela erratza, aldatzeko asmorik ez duen gizarte baten bulego zaharrean…

Udak edo oporrek eguneroko errealitatetik ateratzen gaituzte. Eta amets egin dezakegu. Utopietan sinisteraino. Beraz, pentsa dezagun irauli dezakegula sistema. Irudika dezagun gizarte bat, zeinetan, gazteek gizarteari egiten dioten ekarpena aintzatesten den: ezagutza, berrikuntza, ausardia, bizipoza, integrazioa, berdintasuna… Zeinetan, balorazio horren arabera ordaintzen zaien: gazteei nagusiei baino gehiago. Ekarpen mailaren eta beharren arabera. Zeinetan, bene-benetan, etorkizuna direla sinetsiko dugun.

Zeren eta gazteek argi laranja biztu dute. Ea, gu, kontziente gara.