Ez dakit Euskal Herriko herri arrantzaleetan bakarrik erabiltzen den otzara berba. Sinonimoak dira otarra, esporta eta saskia. Gaztaina surez trentzatutako gurpil erdi baten forma izaten zuten eta lokarritzak aldetik alderako kirten sendoa. Arrain txikiak biltzeko, pisatzeko eta garraiatzeko erabiltzen ziren eta arrainez bete aurretik ur kresalez busti beharrak oso astun eta erabilgaitz bihurtzen zituzten. Eta arraina saldu ostean, hustu eta garbitu egin behar, itsatsitako ezkatak eta arrain hondakinak kendu eta berriro itsasontziratzeko. Lan astuna, gehien bat emakumeek egiten zutena.

Arrain otsarak, nekazal eta abeltzaintzarako hainbat tresnekin batera, museoetan daude aspaldi baina artisau-arrantzak, lehen sektoreko jardun guztiek bezalaxe, estrategikoa izaten jarraitzen du, hiru zutabeok merezi baitute ikuspegi hori.

Erosketa saskia da, egungo esalmode ia bakarra erabilita, Diaz andreak mahairatu duen azken eztabaida-gaia. Arazoaren jatorria eta osagaiak kontutan ez hartzeak eraman du, batik bat, agerraldi antzuetan denbora eta indarrak ahultzera eta, gainera, lortu nahi duen helburua atzentzera. Badago esaten duenik gaia plazaratzeak merezi zuela, besterik ezean ere, bere garrantzia kontuan hartuz baina gehienetan betetzen ez diren diren hitzemateek frustrazioa izaten dute lagun.

Ekoizleak soka luze baten lehen korapiloan daude, kontsumitzaileak azkenengoan eta tartean, biltzaile, hedatzaile eta merkatalguneak. Eta euretako bakoitzean daude txikiak, ertainak eta handiak. Horrexegatik dabil lanean Jaurlaritza, urrezko erregela duelarik inork ez dezala kostuen azpitik jardun beharrik euki. Gero datoz mozkinak arautzea edota gainerako neurri orekatzaileak.

Hau esanda, herri erakundeen erantzukizunak ezin du gutariko bakoitzarena ezkutatu, denon eskubidea den elikadura osasuntsua lehenesteko orduan. Aldarrikatzea eta konpromitzea, biak ditugu premiazkoak. Kontsumitzaileok dugun giltza erabili dezagun ate egokiak irekitzeko eta desegokiak ixten joateko.