Atzo, eraztun bat aurkitu nuen Zurriolako hondartzan. Ez da bereziki baliotsua, baina halako ziurtasun sentimendu bat eragin zidala aitortu behar dut. Sentimendu ezezaguna zitzaidana edota atzo deskubritu nuela iruditu zitzaidana.

Azken hiru urte hauetan galerak baizik ez ditugu izan eta egun ere, galera iradokitzen eta deskribatzen duten goiburuek irekitzen dituzte egunkarietako lerro-buruak (zinemaldiko irabazleen argazkia salbuetsita). Ingurumaria, arrotza baino areago, etsaia zaigu.

Momentu batez, eraztuna galdu duen pertsonarengan pentsatu dut. Zer nolako amorrazioa izango duen. Zer nolako hutsunea. Zer nolako galera sentipena. Galtzaile sentituko dela. Bizitzaren zati batek (txikia izanagatik) ihes egin diola. Eraztuna oparitu zionari, nolabait, huts egin diola. Ez dela maite dituen objektuak behar beste zaintzeko gai. Deskuido bat izanagatik, ez dela nahikoa arduratsua izan.

Angel Erro idazleak, aurreko asteko zutabe batean, Mediterraneoko hondartza batean eraztuna galdu duela kontatu ondoren, faltan dugunak definitzen gaituela sinesteko programatuta gaudela zioen. Agian, horregatik goraipatzen, gogoratzen, errepikatzen dugula "guretzat daukagun hori", iraganekoa dena eta galdu ezin dena.

Zurriolan aurkitutako eraztuna idazteko erabiltzen dudan mahaian jarri dut, ordenagailuarengandik zentimetro eskasetara. Eta fetitxista izan ez arren, ikur edo seinale txiki bat dela iruditu zait. Argi izpi nano bat. Inguratzen gaituen oro ez dela ezkorra sinisteko estakurua. Horixe bera, estakuru bat. Noizbehinka, aurrera egiteko indarrak batzeko behar izaten duguna. Beharbada, Angel Errori idatzi beharko nioke, berak Mediterraneoan galdu zuen eraztuna (galera ustea) nik Zurriolan aurkitu dudala jakinarazteko (irabazi sentimendua). Ez baitut onartu nahi galerak definitzen gaituela sinisteko programatuta gaudenik. Hori, galtzaile izateko programatuta gaudela onartzea bezalakoa baita, zuzenean.

Eraztunak ñir-ñir egiten du, apal bada ere, flexoaren azpian.