Kuriositatez
Bingen Zupiria DEIA egunkariko zuzendari gisa ezagutu nuen aspalditxo. Ondoren Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikarako Sailburu. Bozemaile ere. Nago bere ezaugarri nagusien jabe naizela. Baina oraingoan Segurtasun Sailburu gisa kuriositatea jabetu zait. Dagokion Batzordean bere asmoak azaldu ditu. Kuriositatea ase. Ondo aritu zaigu gure Bingen. Segurtasunez aritu zaigu, ziurtasunez, gertu eta egiazki. Sendo, garbi eta argi. Segurantzaz eta serenitatez adieraziz sailak legegintzaldian jarraituko dituen ildo orokorrak. Gauza asko aipatuz, garrantzitsuak guztiak. Nire ustez behintzat. Onartuz zenbait auzotan herritarren segurtasun ezaz. Ziberdelituaz. Ertzaintzaren sindikatuekiko harremanaz. Polizia ereduaz, ekintza batzuen proportzionaltasunaz ekitaldi jendetsuetan. Bingenek Ertzaintza «autogobernuaren ikur nagusietako bat» dela aldarrikatu zuen eta ertzainen gehiengoak herritarrak zerbitzatzeko konpromisoa dutela. Euskadin segurtasun sentsazioa areagotzeaz eta zenbait auzotan dagoen kezkaz. Ertzaintza “modernizatzearen” aldeko apustu tinkoa eginaz, bere irudia eta uniformeak eta ibilgailuak berritzeko asmoaz. Irmo, bere esku dagoen guztia egingo zuela Ertzaintzaren profesionaltasuna zaindu eta ahalik eta herritar gehienen atxikimendua lortzeko. Gogoratu zuen datorren urtean iraungiko dela Segurtasun Plana, eta diagnostiko berri bat egingo duela Euskadiko 2026-2030 Segurtasun Plan Orokor bat lortzearren. Segurtasun ezaren sentsazioaz eta pertzepzioez. Bingenek hauteskunde aurreko kanpainatik Imanol Pradales Lehendakariaren esaldia errepikatu zuen, hau da, Euskadi segurua dela hemen gertatzen diren delituen kopurua biztanleria edo profil sozioekonomikoaren antzeko beste lurralde batzuekin alderatuz. Euskadin segurtasun sentsazioa areagotu beharraz aritu zen, hiri handietako eremu jakin batzuetan Ertzaintzak Udaltzaingoarekin koordinatuta aurre egin behar duela delitu-poltsak daudelako. Zorionak. Eta zorte onena Bingen. Ase. Kuriositatez.