Gaza galduta ibili da hedabideetan azken asteotan. Noizbehinka baten batek gogoratzen zuen zerbait: eguraldi txarra dela eta, jendea larri zebilela Gazan (eguraldi onarekin ondo ibiliko ziren, bai), ez dakit non bake planaren ez dakit zenbatgarren fasea abian jartzeko bilerak zeudela, gobernuz kanpoko erakunderen batek Gazako palestinarren beharrak ez ahazteko eskatzen zigun, den-dena gero eta urrunago, gero eta lausoago, harik eta Davosen Jared Kushner-ek, Trumpen suhi eta aholkulariak, eta judutar erlijiokoak, New Gazarako hirigintza-plan estrategikoa aurkeztu duen arte.
Han-hemenka garapenaren planoak ikusi ditugu, infografiak (hotelak, industria-guneak, parkeak, kiroldegiak...) eta adimen artifizialak sortutako irudiak (eraikuntza megamodernoak itsaso ondoan). Trumpek berak aitortu zuen pozik bere burua funtsean higiezinen agente moduan ikusten duela, hau da, politikan eta bizitzan dirua egiteko dagoela. Gazan bertan bizi den jendeaz tutik ez. Israelek Somalilandiara bidaliko ditu palestinarrak? Zerbitzari eta garbitzaile moduan erabiliko dituzte batzuk, ez gehiegi, New Gaza horretan?
Gaza ustez berrirako planekin batera Trumpek Bake Batzordea aurkeztu zuen, hasieran Gazarako baina baita egon daitezkeen beste gerra batzuetarako ere, eta agian Nazio Batuak ordezkatzeko. Estatu batzuek onartu dute bertan parte hartzea, tartean demokrazia eredugarri batzuek (Saudi Arabiak, Emirerriek), lagun min ultrek (Hungariak, Israelek, Argentinak) eta niretzat misterio diren zenbaitek (ikertu beharko nuke zer egiten duen Mongoliak talde horretan). Bakoitzak mila milioi dolar ordaindu behar du klubean sartzeko. Zuzendaritza Batzordean Trumpen aholkulariak daude (bai, suhia ere bai) eta Tony Blair bezalako jendaila (Aznar, bide batez, barrenak irakiten egongo da gonbidatu ez dutelako).
Hau guzti hau, Gazakoa, Batzordearena, sinestezina dirudi, txantxa absurdo bat, zientzia-fikziozko liburu txar batetik ateratako amesgaiztoa. Baina ez, erreala da guztiz, zehatza, bene-benetakoa. Mundua orain horrelakoa da.