donostia - Udaltop Udaletako Euskara zerbitzuen Topaketak hamargarren edizioa ospatuko du aurten eta Euskaraldia izango du oinarri, maiatzaren 17an eta 18an Lasarte-Orian egingo den topaketan.

Horrela iragarri zuten atzo Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Euskaltzaleen Topaguneak. “Ate joka ditugun erronkez hausnartzeko eta etorkizun hurbileko estrategiak zirriborratzeko baliatu nahi dugu aurtengoa. Azaroan abian jarriko dugun ekimena izango da arreta-gune nagusia eta horri lotutako hainbat gai izango ditugu mahai gainean”, aurreratu zuen Estitxu Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak. “Iazko Udaltop funtsezkoa izan zen denon artean lanten ari garen Euskaraldiaren proiektua gorpuzteko. Autengoa aurrekoa bezain baliagarria izango dela sinetsita gaude”, jarraitu zuen.

Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariarentzat aurtengo edizioak “salto kualitatibo” bat emango du. “Aurreko edizio gehienetan Udaltopen helburuak esperientziak truka-tzea eta hausnarketa sustatzea izan dira. Azkeneko bi urteotan esperientziak elkarrekin abiatzea izaten ari da helburua”, onartu zuen.

Elena Laka Euskalzaleen Topaguneko lehendakariarentzat “guztien arteko lankidetza nahitaezkoa da. Elkarrekin ekitearen ondorio garrantzitsuenetariko bat da Euskaraldiak sekulako ilusioa sortu duela herritarrengan eta ilusio hori euskaldun guztiak aktibatzeko motore bihurtu behar dugu”.

Topaketan parte hartzeko www.udaltop.eus webgunen eman behar da izena, maiatzaren 4a baino lehen. Prezioa 65 eurokoa izango da. -N.G.