Duela aste eta erdi, maiatzaren 5ean, gure ikastolak orain dela 11 urte bezala, ohiko bihurtzen ari den jaialdi pozgarri bat ospatu zuen: Antzerki Musikala Taldearen emanaldia. Bi saio eginez, goizean Jaso Ikastolako ikasleentzat eta Barañaingo Alaitz ikastetxekoentzat eta arratsaldez gure familiendako eta gainontzeko publikoarendako, Barañaingo Auditorioan Jaso Ikastolako musikala plazaratu genuen.

Aurtengo musikalak, TEA-4000 hegaldia izenburua du eta bidaia atsegin bat egitera gonbidatzen gaitu. Autismoa duten bi gazte laguntzan daude. Haien autonomia erakusteko helburuarekin, haien terapeutak Hego Ameriketara egin beharreko bidaia bat proposatu die. Familiak, kezkatuta, haien arreba eta ahizpa bidali dituzte haien atzetik. Bertan, kultura ezagutzeaz gain, haien barne sentimendu, borroka eta izaera azaleratuko dira.

Autismoaren gaineko hausnarketa bultzatzea dugu helburu, Enara eta Amets gazteak protagonista dituen gure azken lan honekin. Autismoak ezaugarri orokorrak baditu ere, pertsona bakoitzarengan ñabardura propioekin azaleratzen da. Autismo-nahasmen espektroa zabala azaleratuz, estereotipoak alde batera utzi nahi izan ditugu eta hauen errealitatea erakutsi eta beren gaitasun ani-tzak ezagutaraztea gure asmoetako bat izan da. Gizarte inklusibo eta anitz bat izatearen aberastasuna azpimarratu nahi izan dugu.

Proiektuaren bitartez egin dugun bidaia ez dugu bakarrik egin, ANFAS, ANA (Nafarroako Autismo Elkartea), LUCIERNAGA (Asperger elkartea) eta Espainiako Neurología Elkarteak bere bermea erakutsi eta proiektuan parte hartu dute. Gurekin batera unitate didaktikoak sortu dituzte eta gaiaren inguruko formazioa proiektuan parte hartzen dugun ikasle eta helduoi eskaini digute.

Iaz bezala, aurten ere Iruñeko Gazte Orkestrak gure proiektuan parte hartu du. 25 musikarik erritmo latinoak nagusi zituzten doinuak zuzeneko musika orkestratua oparitu dizkigute. Jaso Fundazioak euskara sustatzeko helburuarekin Antzerki musikalean oinarritutako diziplina anitzeko ikuskizun originalak antolatzen ditu urtero. Euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendu positiboa bilatuz, modu erakargarrian gazteengana gehiago hurbildu nahi ditugu.

Bidenabar ikuskizunaren bitartez gai sozial ugari lantzen ditugu: emakume langileen eskubideak, gure helduenganako zaintza, birziklapena, identitate askatasuna… Gai hauek lantzeko unitate didaktikoak (euskaraz) prestatzen ditugu, horrela ikastetxeetan gaiak modu esanguratsuagoan landu ditzakegu. Proposamen didaktiko hau, Iruñeko ikastetxe guztiei eskaintzen zaie.

Proiektu honetako partehartzaile nagusiak DBH-ko ikasleak dira, hau da, 12 eta 16 urte bitarteko gazteak. Hauez gain, teknikari profesionalek, gurasoek eta gidaritza lana egiten dugun irakasleok parte hartzen dugu. Lan taldea, guztira 80 pertsona baino gehiagok osatzen dugu.

Hau dena aurrera eramateko STEAM metodologia erabiltzen dugu. Zientzia, Teknologia, Matematikak, Ingenieritza, Artea eta Matematikak, proiektuak dituen erronkei erantzuteko uztartzen ditugu. Ikasleak prozesu osoan zehar ematen diren pauso guztien protagonista nagusiak izaten dira. Sorkuntzari dagozkion erabakietan zein arlo teknikoetan har-tzen dituzten ardura mailak gorenak izaten dira.

Hona hemen proiektua eta estreinaldiari buruz taldearen parte den ikasle batek esandako hitz batzuk: “Proiektu honetan parte hartzeak gauza asko dakartza, besteak beste, lan egiten ikastea eta egiten duguna baloratzea. Eta batez ere, musikalak duen gauzarik onenetako bat da jende berriarekin konektatua sentitzen zarela eta gainera taldean lan egiten ikasten duzula. Estreinaldia urte osoan egindako lanaren emaitza da. Eszenatokira ateratzen garen unean konturatzen gara egin dugun guztiak merezi izan duela eta pasatako lau urte hauek ahaztezinak izanen direla”.

Proiektu honetan parte hartzeak ikasleei ekartzen dizkien onurak beren garapen pertsonalerako oso positiboak dira. Proiektuaren gakoak hitz gutxi batzuetan jarri nahiko bagenu, hauek aukeratuko genituzke: euskara, konpromisoa eta emozioa.