Buztintxuri ikastetxean ikasleen elikadura ohiturak zaindu nahi ditugu, horrexegatik garrantzia handia ematen diogu elkarrekin egiteari eta ikasgela barruan asanbladan jezarrita.

Goizean zehar bi momentu ditugu jateko. Lehenengo hamarretakoan egunero ogia jaten dugu, hiru egunez fibrazko ogi barra eta beste bi egunez Lakabeko ogi xerrak, biak ala biak hurbileko ekoizpeneko oliba olioaz zein mermelada edo eztiaz lagunduta. Bigarren hamabietakoan ordea egunero fruta hartzen dugu. Ikasle bakoitzak lau egunez fruta ale bat ekartzen du gelara eta frutontzi batean paratzen du beste kideenarekin batera. Bosgarren egunerako berriz, fruta erosi egiten dugu.

Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailatan auzoko supermerkatu batera irteten gara lau edo sei ikasle arteko talde txikian irakasle batez lagunduta. Aukera paregabea da matematika konpetentziala lantzeko era manipulatiboan eta esanguratsuan. Ikasleek ardurak hartzen dituzte eta erosketa prozesua burutzen dute goitik behera.

Hirugarren mailatik aurrerako ikasleak ostera, eskolan bertan antolatzen dugun fruta dendara hurbiltzen dira talde txikian, txandaka eta era autonomoan fruta erostera.

Iruñeko Zabalzatarrek asteazkenero fruta ekartzen digute eta ikasle nagusienen ardura da pisatzea, salneurria balantzan sartzea eta tiketa sortzea. Horretarako, gela bakoitzari aurrekontu jakin bat esleitzen zaio benetako dirutan kartera batean jasotzen dutela.

Adin arteko salerosketa hiru hizkuntzen errefentzialtasuna duten irakasleek gainbegiratuta egiten dute eta oso atsegina eta arrakastatsua den momentua da.

Fruta azokaren kokapena baratza ondokoa izaten da euri egunetan salbu, Txuri eraikineko atzealdeko aterpean jartzen delarik.

Etxetik ekarritako zein erositako fruta, jostaldi garaian fruta tailerretan beharrezkoa den tresneriaz eta mantalez lagunduta ikasleek beraiek garbitu, zuritu eta apin-tzen dute bikoteka, atsedenetik bueltan gainontzeko ikaskideei bandejatan atseginez eskaintzeko eta elkarrekin jateko.

Elikadura ohiturak, autonomia, ikasteko egoera konpetentzialak, komunitatean jatearen garrantzia, bertako ekoizleen apostua eta halaxeko bizi mailako helburuak ezartzea ditugu helburu prozesu hauetan.

Ikasleek sistematizatu egiten dituzten oinarriak euren heldu bizitzara zabaldu ahalko dituzte eta belaunaldiz belaunaldi norbanakoak daukan eraldatzetza elikadura eta burujabetza esparrura ere zabalduko del uste dugu.