Síguenos en redes sociales:

Izokinak Bidasoan barna, oztopoak oztopo, beti aitzinerat

JOAN DEN AZAROAREN 9AN, IGANDEAREKIN, BIDASOAKO IZOKINAK IKUSTERA JOAN GINEN LABIAGA IKASTOLAKO KIDEOK, LARUN MENDI TALDEAK ANTOLATUA

Izokinak Bidasoan barna, oztopoak oztopo, beti aitzinerat

Izokinak goiti eta beheiti ibilki dira Bidasoan barna, oztopoak oztopo, beti aitzinerat. Hori dela eta, joan den azaroaren 9an Labiaga Ikastolako kide aunitz ibairat hurbildu ginen Bidasoako izokinak ikusteko asmoz. Larun Mendi Taldeak urtero antolatzen duen irteera izaten da, arrakasta handikoa. Haurrak zein helduak kontu kontari ibili ziren. Helduek aspaldiko kontuak gogora ekarri zituzten, euren aitatxi-amatxien denborako kontuak; txikienak, berriz, txundituta gelditu ziren izokinekin: “Aizu, ikusi duzu izoki hori?” batek, “Bai, ederra katxarroa!” bertzeak.

LARUN MENDI TALDEA

Mendizaletasuna bulkatu eta Berako txoko ederrak ezagutarazi nahian, Labiaga Ikastolako komunitateko zenbait kidek Larun Mendi Taldea sortu zuten 1984an; hau da, ikastola sortu eta hamar urtera. Aipatutako helburuez gainera, ohitura osasuntsuak eta kirola sustatzeko, ikastolako kideen arteko harremanak sendotzeko eta naturaz gozatzeko parada ezin hobea eskaintzen digu Larun Mendi Taldeak. Halaber, gai kulturalak oinarri duten irteerak ere antolatuketu dira; errate baterako, Comète Sareko ibilbidearen zati bat, hain zuzen ere, Urruña-Biriatu-Endarlatsa-Irun ibilbidea.

Ez da kasualitatea gure ikastolan horrelako talde bat sortu izana, izan ere, inguruko mendi bati zor diogu gure ikastolaren izena, hain justu ere, Labiaga mendiari; mendizaletasuna gure zainetan dagoen seinale. Mendi taldearen izena, berriz, erran beharrik ez da, Bera eta Sara herrien artean den mendi ederrari hartua da, alegia, Larhun mendiari.

IZOKINA: SINBOLISMO HANDIKO ARRAINA

Arrunt ezaguna da izokinak sorlekuan urtebete egon ondotik, itsasorat joaten direla eta, han hiruzpalau urte pasa eta gero, sorlekurat itzultzen direla helduaroan ugaltzera. Usaimenaren bidez lortzen omen dute sorlekurako bidea egitea.

Izokina ez da gure ekosistemaren parte den arrain soila. Izokina sinbolismoz beteriko arraina da, erranahi handikoa gure herrian, baita Bidasoako inguruotan ere. Horren kari, joan den hilabetean, Berako Herriko Etxeak antolatu zuen “IZOKINA, BIDASOAN gora eta BERA” izeneko zikloa. Bertzeak bertze, izokinaren erakusketa bat muntatu zen Kultur Etxeko Erakusketa Gelan. Erakusgaien artean, 1994ko Nafarroa Oinezeko ikurra ere hantxe zegoen —hots, izokina—. Garai hartakoa da Negu Gorriak sortutako “Izokin euskaldun baten istorioa” kanta, zeinarekin hagitz ezaguna egin zen honako lelo hau: “Goiti, Bidasoan, bide osoan, goiti, izokina bezala!”.

Izokinak gurean —Labiaga Ikastolan— presentzia handia du. Arestian errandakoaz gainera, aipatzekoa da gure ikastolak aitzineko ikasturtean 50 urte bete zituela eta horren kari sortutako kantan izokinari ere tokia eman zitzaion. Pe-tti abeslari beratarraren ahotik aditzen da: “Gotti goazi, izokia duien gisa”.

Argi dago, beraz, izokina ez dela edozein arrain; nolanahi ere, ku-ttun izatea ez da aski sinbolismoaren arrazoiak ulertzeko. Haratago ikusi behar dugu, iruditeriaren azpian dagoena hobekiago konprenitu nahi badugu. Horretarako, ikasle batek Pettiren kanta aditzean —“Izokia duien gisa”— bota zuen galderatik abiatzen ahal gara: “Eta nola baduie izokia?”.

Izokina itsasotik itzulitakoan, ibaiaren korrontearen aurka egiten du. Bide horretan berez dauden trabez gain, gizakiok sortutakoak ere gainditu behar izaten ditu; hala nola presak. Mehatxu aunitz izaten ditu Bidasoako biztanle txiki honek; eginahalak egiten ditu bizirauteko eta bere eginbeharrekin segitzeko. Horrexegatik, euskararekin eta euskalgintzarekin konparatu da, gutxiagotutako hizkuntza izaki, danba-danba ari diren olatuen kontra egin behar du-eta euskarak eta euskalgintzak, izokinaren antzera.

MEHATXU AUNITZEN AITZINEAN, SEGITUKO BADUTE, BABES BEREZIA BEHAR

Bai izokinaren bai euskararen —eta euskalgintzaren— kasuan, adituek bat egiten dute, babes berezirik gabe, etorkizun ospela izanen dutela. Arrain anadromo honen arrantza nagusiki Bidasoa inguruko herrien arteko kontrol-akordioen bidez arautu da, ez arrazoi ekologikoengatik, nahiz eta espezieak babes berezia behar duen kontserbatzeko. Azken urteotan, izokinen populazioaren jaitsierarekin larrituta, arrantzaren debekua iaitxun orokorra da. Bidasoako biztanleengan hain errotua izan den ohitura gal ez dadin, “Lehenbizikoa” bertzerik ezin da arrantzatu; alegia, arrantzatzeko tenorean lehenbiziko izokina bakarrik arrantzatzen ahal dute zaleek. Hortaz, lehenbizikoa izateaz gain, azkena ere bada. Debekua ez ezik, trabak kendu ere egin dituzte; hori dela eta, izokina aspaldi bisitatu gabeko tokietarat —Baztanerat, kasurako— ailegatzen ari da azken urteotan.

Euskarak ere babes bereziaren premia larria du, Iurrebaso eta Goikoetxeak euren azken lanean aditzera eman dutenaren arabera. Alabaina, gaur den egunean ez du pareko babesik, ez behinik behin Euskal Herri osoan; izan ere, adibidez, babesa eskualdeka desberdina da Nafarroan. Horrela, adibidez, Argia Ikastolako ikasleek eta Labiagakoek ez dituzte beren herrietan aukera berdinak euskarari dagokionez. Zer erranik ez, Beskoitzeko Ikastolako eta Haurtzaro Ikastolako ikasleen egoerak alderatuko bagenitu. Deus ikustekorik ez.

Edonola ere, biek ala biek, oztopoak oztopo, gure inguruan segitzen dute; ur uherretan ere, Bidasoan, bide osoan, goiti-goiti. Hala bedi.