Mikroplastikoak paradisuan
Fiji, Tonga, Tuvalu eta Vanuatuko arrainen heren bat zuntz sintetikoz kutsatuta daude
Hego Pazifikoko ur kristalinoek arazo ikusezin bat ezkutatzen dute.Izan ere, Pazifikoko uharte-herrialdeetako kostaldeetan igeri egiten duten hiru arrainetik bat zuntz sintetikoz kutsatuta dago. Fijin, proportzioa lau arrainetik hirura iristen da.
Datuak JashaDehm-ek Hego Pazifikoko Unibertsitatean koordinatutako ikerketa batetik datoz. Ikertzaileek Fijin, Tongan, Tuvalun eta Vanuatun arrantzatutako 138 espezie desberdinetako 878 arrain aztertu dituzte. Laginak biodibertsitateari buruzko nazioarteko datu-base batetik datoz. Urtarrilaren 28an PLOS One aldizkarian aurkeztutako emaitzek erakusten dute uharrietako arrainek eta itsas hondoan janaria bilatzen duten horiek jasaten dutela eragin handiena.
Uharte desberdinen artean desberdintasun nabarmenak daude. Fijin arrainen %75ek mikroplastikoak dituzten bitartean –bost milimetro edo gutxiagoko plastiko zatiak–, Vanuatun apenas iristen da % 5era. Fijiko zifra% 49an kokatzen den mundu-mailako batez bestekoaren gainetik dago. Aztertu diren lau herrialdeetan ohikoak diren bi espeziek –enperadore-arraina eta ahuntz-arraina– kontzentrazio askoz altuagoak dituzte Fijiko uretan beren auzokoenetan baino.
Ikerketaren egileek eman duten azalpenen arabera, alde hori kostaldean bizi den biztanleriaren dentsitatearen, eraikuntza-jardueraren eta hondakinen kudeaketaren ondorioa da. Izan ere, beste hiru herrialdeetan ez bezala, Fijiko biztanle gehienak kostaldean bizi dira, eraikuntza-jarduera handiagoa izan du eta hondakinen kudeaketa ez dago hain garatuta. Azpiegitura egokirik gabe, hondakin plastiko gehienek itsasoan amaitzen dute.
Plastikoak nonahi
Ikertzaileek azaldu dutenez, plastikoarekin kutsatuta dauden arrainen kopurua handia izan arren, normalean, oso kantitate txikiekin daude kutsatuta. Hortaz, saturazioa baino, arazoa da kutsadura hori oso zabalduta dagoela. Fijik du ehunekorik handiena, baina biztanleria txikiagoa duten Tongan eta Tuvalun arrainen % 41ek eta % 37k mikroplastikoak daramate.
Eredua aztertutako lau herrialdeetan errepikatzen da. Arrezifeko arrainek eta sakonera handiagoetan bizi direnek ur irekietakoek baino plastiko gehiago metatu ohi dute. Horien artean, nabarmena dira ornogabeak jaten dituzten espezieak, hondoa arrastaka dabiltzan espezieak edo zain ehizatzen dutenak. Belarjaleek ere tasa altuak aurkezten dituzte, ziurrenik algei itsatsitako partikulak irensten dituztelako. Planktona iragazten dutenak, berriz, maila baxuagoak dituzte.
Eredua hain desberdinak diren herrialdeetan berdina izateak iradokitzen du arrainen habitata eta dieta garrantzitsuagoak direla kokapen geografikoa edo giza biztanleriaren dentsitatea baino.
Arropa-zuntzak
Ikerketaren analisiak agerian uzten duenez, kutsadura, nagusiki, zuntz sintetikoen bidez ematen da. Fijin, Tongan eta Tuvalun kutsatutako hiru arrainetik bietan agertzen dira zuntz sintetikoak, eta Vanuatuko kasuen, berriz, %95ean. Zuntz mikroskopikoak dira, eta ziurrenik arropetatik, itsasontzi-soketatik eta arrantza-aparailuetatik datoz. Polimero ohikoenak (polipropilenoa, polietilenoa eta nylona) ontzietan eta aparailuetan erabili ohi dira.
Pazifikoko Uharteetako Klima Ekintzaren Sareko zuzendari Rufino Vareak azaldu duenez, “aurkikuntza honek itsas zaborra kostaldea kudeatzeko ageriko arazo bat besterik ez dela dioen ideia gezurtatzen du”. Varearenesanetan, zuntzen presentzia masiboak erakusten du kutsatzaile sintetikoak elikadura-katean askoz sakonago sartu direla hondartzetan metatutako zaborrak iradokitzen duena baino.
Horrek garrantzi berezia hartzen du Pazifikoko herrialdeetan. Izan ere, bertako biztanleen dieta arrainetan oinarritzen da hein handi batean. Hortaz, haientzat arraina ez da aukera bat, oinarrizko proteina baizik, familien bizibide ekonomikoa eta tokiko kulturaren elementu zentrala.
Enperadore-arrainaren ironia
Artisau-arrantzarako eskuragarrien diren arrainak dira, hain zuzen ere, plastiko gehien metatu ohi dutenak. Fijin gehien kontsumitzen den espezietako bat da enperadore-arraina eta bere kasua argigarria da: aztertutako aleen % 80k mikroplastikoakzituzten.
Plastikoak gizakion osasunean dituen eraginak ikertzen ari dira oraindik. Plastiko horiek substantzia toxikoak askatu eta patogenoak garraia ditzakete, baina arriskuaren benetako dimentsioa ezezaguna da. Argi dagoena da milaka familiak egunero kontsumitzen dutela plastikoz kutsatutako elikagairen bat eta zientzialariek oraindik ez dutela argi horiek izan dezaketen eragina.
Ikerketak uharteetako nazioek aspalditik defendatzen duten aldarrikapen baten ebidentzia ematen du: jatorrian plastikoaren ekoizpena mugatu beharra. Orain, datuak dituzte beren posizioa indartzeko.
Birziklapenetik haratago
Varearen ustez, emaitza horiek azaleko soluzioak baztertzera behartzen dute. Berariaz aipatzen ditu birziklatze-planak eta “plastikozko kredituak”, hots, enpresei beren produkzioa konpentsatzeko aukera ematen dieten finantza-tresnak, hondakinak kudeatzeko proiektuetan inbertituz. Eskemak dira eta, beren ikuspegitik, ez datoz bat hondakin plastikorik ia sortzen ez duten baina horren ondorioak pairatzen dituzten herrialdeen errealitatearekin.
Vanuaturen kasua paradoxikoa da. Hiriko hondartzak hondakinez beteta dauden bitartean, arrainak nahiko garbi daude. Alde horren arrazoiak izan daitezke itsaslasterrak onuragarriak izatea edo arrantza-eremuetara hondakinak iristea mugatzen duten kudeaketa-politikak eraginkorragoak izatea.
Ikertzaileek behin eta berriz diote irtenbideak Ozeano Bareko komunitateetatik bertatik diseinatu behar direla. Haiek dira lurraldea ezagutzen dutenak, haiek dakite zer arrain arrantzatzen dituzten eta non dauden arreziferik produktiboenak eta nola aldatzen den itsasoa azken hamarkadetan. Horiek izan behar dute, beraz, beren mende dauden ozeanoa nola babestu erabakitzeko ahalmena.
Edozein kasutan, ikerketa honen ondorioa erabatekoa da: inor ez dago mikroplastikoen kutsaduratik libre, planetako ur urrunetara ere iritsi baita.