BILBO. Gazteak Lankidentzan udako programak 620 parte-hartzaile izan ditu izena emateko prozesuan. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria Saila Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako ehun plazatarako egiten ari den hautaketa da. Udako hiru hilabeteetan garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek Asian, Afrikan eta Amerikan egiten dituzten programetan laguntzeko eginkizunetan parte hartuko dute hautatutako gazteek.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 1989 eta 1997 artean jaiotako 620 euskal gazte horien artean, 503 emakumeak dira (%82,74), 115 gizonak eta 2 identitate ez binarioak. Gainera, 97 Arabakoak dira, 324 Bizkaikoak eta 199 Gipuzkoakoak. Beste urte batzuetan bezala, gehienak gazte unibertsitarioak dira, bereziki irakaskuntza, osasun eta zientzien arloetakoak.

Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariaren hitzetan, "profil guztiak dira baliozkoak programan parte hartzeko, unibertsitarioak izan ala ez; izan ere, gure asmoa da garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek eskatzen dizkiguten profilak betetzeko pertsona egokienak eta jarduteko eremu ugari dituzten pertsonak hautatzea".

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programen bidez, gazteak hegoaldeko herrialdeetan lankidetzako ekintzetan sentsibilizatu nahi dira, bai eta haien artean herri eta kulturen arteko elkartasun kultura sustatu ere. Horretarako, hautatzen diren pertsonek zuzenean parte hartuko dute garapenerako lankidetza ekintzetan Amerikako, Asiako eta Afrikakoherrialdeetan, eta, horrela, bertatik bertara ezagutuko dute ekintza horien garapena.

Esperientzia hiru hilekoa da, batez ere uztailetik urrira bitartean. Aurretiko hautaketa otsailaren 28an egingo da -220 gazte gehi erreserbarako beste 50, ikasketa edo lekualdatzeengatiko bajak badaude ere-, eta martxoaren 15eko asteburuan Barriako aterpetxean (Araba) hautatuko dira parte hartuko duten 100 pertsonak eta beren erreserbak egingo dira, gobernuz kanpoko erakundeetako arduradunek gazteekin elkarrizketa xeheak egin odoren.