H amaika Telebistak Hezurren Memoria telesaila estreinatu zuen apirilaren 29an. Bertan, 1933-1945 urteetako gertakizunak kontatzen dira, non Gerra Zibilean 3.500 pertsona fusilatu zituzten eta oraindik horietatik 1.000 identifikatu gabe jarraitzen duten. Saioa Nafarroa osoan barrena ibiliko da gertakizun ezberdinak kontatzen eta horretarako, ia 150 pertsonekin mintzatuko da, eta hauen testigantzak eta urte haietan gertatutako sarraskia kontatuko ditu 40 minutuko 32 ataletan zehar.

GAZTEAK HELBURU Formatu honek urte haietako historia beltza gaur egungo gazteengana hurbildu nahi du, Iñaki Lasak, programaren zuzendariak eta aurkezleak adierazi zuen moduan, “hamarkadetan zehar isiltasun handi bat egon da gai honen inguruan, eta errelato hau zor diegu belaunaldi berriei”. Frankoren aldekoek Espainiako Gerra Zibila irabazi ondoren ezarritako isiltasunaz mintzo da Lasa. Gaur oraindik sekretu asko dago hobi batzuen kokapenaren inguruan eta familia askok ez dakite non dauden gerran hildako senideak. Telesailaren edukia Navarra 1936. De la esperanza al terror Altaffaylla editorialaren liburuan dago oinarrituta. Auzolanean sortutako eta etengabe eguneratzen den liburu honek, herriz herri sailkatutako testigantzak biltzen ditu. Aldi berean, 10. edizioa saltzen ari den argitalpen honek, telesailaren egitura ezartzen lagundu du eta honela liburuaren beraren egituratik atera dira ekoitzi diren bi atal motak.

Alde batetik, kapitulu batzuek herri batean gertatu diren gertakizun ezberdinen testigantzak jasoko dituzte eta bestetik, gai bat era transbersalean jorratuko duten atalak egongo dira; hala, emakumeen errepresioa edo garai hartako irakasleen egoera izango dira gai horietako batzuk, besteak beste. Formatuaren helburua liburuaren edukiak ikus-entzunezko mundura transmititzea izango da, azken finean, Lasak azpimarratu moduan, “belaunaldi gazteenak pantailen munduan bizi dira eta liburu honen formatua mardulegia da beraien-tzat”.

Saioa Nafarroako Gobernuak ematen dituen proiektu kulturaletako diru laguntzen bitartez finantzatua izan da eta helburua telebistako programa soil bat izatetik haratago joatea da. Lasak aipatu moduan, “ez dugu proiektu hau telebistan hiltzea nahi. Eskoletan, gaztetxeetan ala ekitaldietan erreproduzitzen jarrai-tzea nahi dugu”. Proiektuari jarraipena eman nahi zaio eta ikasgeletan material didaktiko gisa erabiltzea da helburuetako bat. Bestalde, berak azpimarratu moduan iraungitzen ez den proiektu bat delako eta iraganaz mintzo denez, momentu historiko bateko gertakizunak kontatzen dituelako eta ekintza horiek aldatu ezin direlako.

BALOREEN TRANSMISIOA Egileen helburua ez da izan inongo momentuan errelato triste ala hunkigarri bat sortzea. Hala ere, testuinguruak eta gaiak berak momentu emozional eta delikatuak sortzen ditu testigantzen edukiengatik eta lekuek kontatzen dituzten esperientzia eta gertakizunengatik. Kontakizun askoren baitan heriotzak, gerrak eta familien samina dagoenez, ezinezkoa da publikoan emoziorik ez sortzea. Aldi berean, atalen batean momentu horiek azaleratuko badiren ere, ezinbestekoa dena soilik erakustea izan da helburua. “Fusilatuei eta beraien familiei eta haien bizipenei eman nahi izan diegu lehentasuna. Sartagudako alargunen epika eta balore errepublikarrak nahi izan ditugu transmititu eta ez balore belikoak.

Bestalde, deshobiraketei ere tartea eskaini nahi izan dio saioak. Hurrengo astelehenean gaueko 21.00ean emitituko den atala prozesu horren inguruan izango da eta bertan, lekuko batek hobiaren tokia erakusten duen momentutik, hezurrak familiei ematen zaizkien bitartean ematen diren etapa edo fase ezberdinak erakutsiko dira. Atal honetan ikusiko den beste lan garrantzitsuetako bat identifikazioa izango da.