doneztebe - Nor da Tere Arretxea?

-Sunbillako Aldameneko bordako neska bat. Oronozen bizi naiz, hango 1352. urteko etxe batean. Nire senarraren sortu etxea da eta izena nire abizenarena. Hiru seme alabaren ama naiz.

Zer duzu gustuko egitea denbora librean?

-Mendian barna paseatu, sutondoan irakurri , josi...

Nor izan zen maitatu zenuen lehenengo pertsona?

-Ama. Nik 8 urte nituelarik gaixorik egon zen “Maltako sukarrarekin” eta oso oso triste egon nintzen. Gaur egun 91 urte ditu.

Tere, pertsona irekia, hurbila eta esku zabala zara, denekin konpon-tzen al zara horren ongi?

-Batzuetan bai eta bestetan ez, ba-tzuekin hobekiago konpontzen naiz.

Non ikasi zenuen?

-Sunbillan 7. maila arte, 8. maila Donezteben (orduan ireki baitzen eskola hau). Gu izan ginen OHO egiten lehenengoak. Orduan elkartu ginen eskoletan mutikoak eta neskak. Ordura arte 2. mailatik aurrera neskek eta mutikoek bereiz ikasten zuten. Gero Berara joan nintzen eta han Lanbide Heziketa 1 (2 ikasturte), ondoren Leitzara Lanbide Heziketa2 (3 ikasturte) eta azkenean Iruñera.

Zer ikasi zenuen?

-Goi teknikari administraritzan.

Ze hizkuntzatan ikasi zenuen? Zergatik?

-Erdaraz, ez zegoen beste aukerarik.

Zein izan zen zure kurtso gustukoena? Zergatik?

-Lanbide Heziketako 2. kurtsoa. Oso errax egin nuen, gustatu zitzaidan asko. Heldua sentitzen nintzen, Franco hil zen eta euskal mundua berpizten hasi zen, euskal kantariak, bertsolaritza?

Eta zein izan zen gutxien gustuko zitzaizun kurtsoa?

-Iruñean, enpresariales egiten. 200 lagun inguru ginen klasean. Denak ezezagunak eta ez nintzen egin hirian bizitzera.

Zenbat urte dituzu Doneztebeko eskolan lanean?

-37 urterekin lanean hasi nintzen eta atera kontuak zenbat bete ditudan.

Nola oroitzen duzu zure lehenbiziko lan eguna? Eta nola ikusten duzu zure laneko azkeneko eguna?

-Beti urduritzen naiz gauza berria hasterakoan. Hasieran jardunaldi erdia nuen hemen eta beste erdia Elizondoko Lanbide Eskolan. Dena egiteko zegoen hemen, nire aurretik administraririk ez baitzegoen. Irakasleek egiten zuten ahal zutena.

Seguraski tristura handiakin. Penarekin geldituko naiz eskolan gurasoei, irakasleei eta ikasleei entzundako gauzekin ez dutela liburu bat idatzi.

Aldatu al da asko eskola azken urte hauetan?

-Bai, dena ordenagailuz egiten da. Zuzendariak driven nahi ditu gauzak egin eta niri ez zait gustatzen baina ikasi beharko. Hasieran ni lankideen artean gazteenetariko bat nintzen, orain berriz zaharrenetariko bat.