BILBAO. Ertzaintzak 1997tik nazioarteko hamabi txapelketatan parte hartu du, guztira 118 atleta eta kirolarik parte hartu dute eta 241 domina lortu dituzte. Farfaixen (AEB) 2017an egin zen azken edizioan Ertzaintzako 12 atletak parte hartu zuten, eta 19 domina lortu zituzten bost kirol-modalitatetan.

Edizio honetan ere 5 kirol-modalitatetan parte hartuko dute 6 gizonezkok eta emakumezko batek: txirrindularitzan, atletismoan, taekwondoan, jiu jitsu brasildarrean eta igeriketan.

Ertzaintzako atleta eta kirolari talde honek oporrak aprobetxatuko dituzte jokoetan parte hartzeko, eta Segurtasun Sailak laguntza emango die parte hartzen duten modalitateetan lehenengo bost plazetako bat lortzen dutenei. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak behar duten kiroletako arropa-ekipamendua eman diete “Euskadi - Basque Country” logotipoa jarrita.

Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoak aurten Txinako Sichuan eskualdean egingo dira, eta egoitza nagusia 16 milioi biztanle dituen Chengdu hiria izango da.

Guztira zortzi mila kirolari daude izena emanda jokoetan parte hartzeko, 69 herrialde ordezkatuz. Lehiaketa-modalitateetako batzuk klasikoak dira (atletismoa edo txirrindularitza, esate baterako), beste batzuk, berriz, parte-hartzaileen funtzio profesionalekin zuzenean lotuta daude: armak erabiltzen dituzten kirolak, operazio berezien simulazioa eta beste polizia eta suhiltzaile espezialitate batzuk.

Polizien eta suhiltzaileen esparru profesionalean bi lehiaketa-mota daude: Munduko Jokoak eta Europako Jokoak, eta bi urtez behin, txandaka, elkartzen dituzte, poliziez eta suhiltzaileez gainera, hainbat herrialdetako espetxe-administrazioetako eta aduanetako kideak ere.

Ertzaintzak nazioarteko lehiaketa horietako, munduko eta Europako txapelketa horietako, hamabitan parte hartu du. Lehenbiziko aldiz 1997an parte hartu zuen Calgaryn, edizio hartan sei ertzainek parte hartu zuten eta bost domina lortu zituzten hiru kirol-modalitatetan.

Europatik kanpora, Farfaixeko (AEB) 2015eko munduko txapelketako parte-hartzea izan da Ertzaintzaren adierazgarrienetako bat, 12 atletak parte hartu baitzuten bertan; baita Kalifornian (AEB) egindako 2017ko munduko jokoetakoa ere, guztira 19 domina lortu baitzituzten bost kirol-modalitatetan.

Iaz Europako jokoak izan ziren Algecirasen, horietan 38 ertzainek parte hartu zuten hamar modalitate ezberdinetan (atletismoa, igeriketa, txirrindularitza, tiroa, taekwondoa eta triatloia, futbola, jiu jitsua, mendiko bizikleta eta duatloia), eta guztira 81 domina lortu zituzten.