BILBO. Irekita dago Donostiako Oroimenaren Bidea bisitaldi antzeztuetarako izena emateko epea. Bisitak iraileko larunbatetan izango dira, eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 18:00etan. Hilaren 7an eta 21ean, gaztelaniaz, eta, hilaren 14an eta 28an, euskaraz.

Aurreko urteetako arrakastaren ondoren, Donostian altxamendu militar frankistan gertaturikoa gertutik ezagutarazteko asmoz antolaturiko bisita gidatu antzeztuak berriro jarri ditu abian Donostiako Udaleko Eskubide Zibiletako Atalak.

Berdintasuneko, Elkartasuneko eta Eskubide Zibiletako zinegotzi ordezkari Duñike Agirrezabalagak adierazi duenez, “gerra zibilaren hondamendiak zuzenean edo zeharka pairatu zituzten pertsona guztiei eginiko omenaldia dira bisitak. Oroimenean gure historiaren kapitulu triste bat izan zuten lekuak eta pertsonaiak gordetzen laguntzen du horrek”.

Hala, bi antzezlek (emakumea eta gizona) garai hartan donostiarrek bizi izandako uneak kontatzen eta antzezten dituzte; 1936ko uztailaren 18tik, Errepublikaren aurkako matxinada militarraren egunetik, Donostia frankisten eskuetan erori arte. Álvaro Garayalde eta María Alonso del Val aktoreak dira protagonistak, eta, Xabier López Askasibar, gidoilaria.

IBILBIDEARI BURUZKO INFORMAZIOA

Easo plazan hasiko da doako ibilbide hori, eta San Jose ikastetxetik, Askatasunaren hiribidetik, Maria Cristina hotelaren kanpoaldetik eta Kursaal zubitik jarraituko du.

Easo plazarik irteten da, eta 1 h eta 30’ iraungo du. 25 pertsonak har dezakete parte antzezpen bakoitzean.

Izena web orrian eman daiteke: www.komazk.com/erreserbak

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono zenbaki honetara: 943 456 000. Bestela, bidali mezu bat info@komik.com helbidera