donostia - Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak foru arau proiektu bat onartu zuen pasa den asteartean, bere zorraren 46,9 milioiko aparteko amortizazioa onartzeko; horrela, ekitaldi honen amaieran zorra 432 milioi eurokoa izango da.

Donostian eskainitako prentsaurrekoan, Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu zuen aparteko ekarpen horri esker, foru erakundeak guztira 95,6 milioi eurotan murriztuko duela bere zorra aurten, amortizazio arrunta batuta.

“Argi dago Aldundia ahalegin handia egiten ari dela alor horretan, erreferente izateraino”, azpimarratu zuen, “finantzak osasun-tsu edukitzeak aukera ematen baitio foru erakundeari ezohiko gertaeraren aurrean erreakziona-tzeko”.

Mendozak adierazi zuenez, urte honen amaieran, Aldundiaren zorra 432 milioi eurokoa izango da, “2015eko 562 milioikoa baino %23 gutxiago”.

“Etorkizunari buruz hitz egiten dugu maiz, Aldundiaren ibilbide-orrian funtsezko elementua baita, eta etorkizunaz hitz egiten dugunean, iraunkortasunaz ere hitz egin behar dugu; izan ere, administrazio publiko garen aldetik, gai izan behar baitugu gaurko beharrei erantzuteko, baina baita etorkizunean izango ditugunei ere”, adierazi zuen.

Gainera, gai honetan foru erakundea “erantzukizun eta anbizioarekin” ari dela lanean azpimarratu du; izan ere, “egoera ekonomiko ona eta kudeaketa fin horren emaitzak baliatzen ari baita etorkizuneko proiektuak bultza-tzeko, hala nola, zibersegurtasuna edota elektromugikortasuna; aldi berean, erakundea finantzarioki indartuz.

Bozeramaileak adierazi zuenez, “kudeaketa-eredu arduratsu baten alde gaude, epe laburra eta luzea uztartzen jakingo duena; pixkanaka iraganeko zama arindu, eta etorkizuneko edozein gorabeheraren aurrean erantzuteko adinako maniobra-tartea utziko diguna”.