BILBO. Bigarren urtez jarraian, kanpoan diren euskal gizataldeak Euskal Diasporaren Egunaren ospakizunetarako ari dira prestatzen. Diasporaren aldarrikapen historiko hau 2018an jarri zen martxan, mundu osoan galdeketa bat egin ondoren.

Egun honek bi helburu ditu; batetik, euskal komunitateak ikustaraztea errotuta dauden lekuetan; eta bestetik, euskal gizarteari gure diasporaren errealitatea erakustea.

Hori dela eta, ekitaldiak antolatu dira bai Euskal Herrian bai beste herrialde batzuetan.

Ekitaldi nagusia, berriz, irailaren 8an, igandea, 12:00etan izango da Ispasterren, eta bertan egongo dira Lehendakaria eta erakundeen ordezkaritza zabal bat. Bizkaiko kostaldeko herri txiki horretatik mila pertsona baino gehiago atera ziren 100 urteren buruan 5 kontinentetara. Antzerkia, musika eta dantzaren bidez, Ispasterreko migrazioaren historia jaso nahi da, euskal herritarren migrazio historia unibertsala irudikatuz.

Nafarroan, eta Euskal Artzainak Ameriketan Elkartearen eskutik, irailaren 7an, larunbata, Amerikara emigratu zuten artzainen urteko topaketa egingo da, Erron.

Iparraldean ere beste ekitaldi batzuk egingo dira Baionan eta Donibane Lohitzunen.

Euskal Etxeak buru belarri ari dira ospakizunak bultzatzen

Euskal Etxeak lanean buru belarri aritu dira aurten ere, irailaren 8ko datari garrantzi berezia emanez egutegian. Ospakizunak joan den asteburuan hasi ziren. Argentinan irailaren 3a ere ?immigrantearen eguna? ospatu zuten, eta asteburu osoan ekitaldi ugari antolatu dira Argentina, Alemania, Belgika, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Mexiko, Peru, Paraguai, Erresuma Batua, Uruguai eta Venezuelako euskal etxeetan.

Era askotako ospakizunak izango dira: herri bazkariak, omenaldiak, dantzaldiak, kirolak, erakusketak, desfileak, hitzaldiak, proiekzioak, mezak, kontzertuak, tailerrak, genealogia, bilerak, jolasak, musa, pik-nikak, aldarrikapenak? egitarau zabal bat, urtean egun batez euskal komunitatea kalera atera dadin eta bere burua aldarrikatu dezan.

Burutuko diren ekimenen artean, nabarmentzekoak dira beste diaspora batzuetara ireki eta esperientziak partekatzeko xedea dutenak.