iruñea - Iazko arrakastak hauspotuta, Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko ekimenaren bigarren edizioa abian da jada, eta nobedadeak dakartza gainera: Belarriprest eta Ahobiziei, Arintokiak gehituko zaizkie orain. Hala azaldu zuten atzo, Iruñeko Katakraken ospatutako ekimenaren aurkezpenean parte hartu zuten antolatzaileek. Bertan bildu ziren Euskaraldiaren lanketan murgilduta ibili diren agente ugari, besteak beste, Nafarroako herri ezberdinetan lanean ibilitako Euskaraldiko batzordekideak, Euskarabideko kideak, Nafarroako Euskalgintzako partaideak, Euskaltzaleen Topaguneko kideak eta 2019-2020ko ariketan parte hartuko duten hainbat entitate.

Lurpekariak taldeko musikariek girotuta, Euskaraldiak 2019-2020ko edizioan dakartzan berrikuntzak ezagutzera eman zituzten. Horien artean aurkeztu ziren Ariguneak, entitateen baitan euskaraz eroso aritzeko guneak. Modu kolektiboan ariketa soziala burutzeko erraztasunak emango dituzte izena ematen duten entitateek, hain zuzen ere, barne zein kanpo Ariguneak identifikatuz eta sortuz. 15 egunez, beraz, entitateetako kideek Euskaraldia taldean gauzatu ahal izango dute ahobizi eta belarriprest rolak aukeratuta.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko da ekimenaren bigarren edizioaren ariketa masiboa, baina dagoeneko Nafarroa osoan herri eta auzo ugari martxan daude ekimena prestatzen, Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak ekimena sustatzeko duten hitzarmenaren baitan. Horren harira, oraindik ere irekita dago herrietako batzordeek izena emateko epea, Euskaraldiaren webgunean bertan (euskaraldia.eus/herriak-2/).

Hurrengo hitzordua azaroaren 23an izango da; Iruñeko Zentral aretoan ekimena gizarteratzeko ekitaldia ospatuko da, goizeko 11.00etatik 13.30era.

Lehenengo edizioaren arrakasta Euskaraldiaren lehen edizioak “nabarmen astindu zituen” bertan parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketaren 11 egunetan eta, era berean, hiru hilabete beranduago aldaketa horiei “proportzio altuan eutsi egin” zitzaien. Horixe da Soziolinguistika Kluserrak egindako ikerketak ondorioztatutakoa, abuztuan plazaratutako Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz txostenean. Azterlana burutzeko Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia lankidetzan aritu ziren.

“Hasieratik esan genuen Euskaraldia ez zela joko bat” argitu zuen Bingen Zupiria sailburuak txostenaren aurkezpen egunean. “Hizkuntza ohituretan eragin nahi duen ekimen masibo eta berritzailea da. Helburua eragitea da, eta ikerketari esker neurtu ahal izan dugu zein neurritan izan den eraginkorra”.

Garbiñe Mendizabalek, bere aldetik, “ekimen ausartak” beharrezkoak direla azpimarratu zuen. “Euskararen erabilera indartuko badugu, ekimen berritzaileak, ausartak, auzolanean oinarrituak, behar ditugu. Horregatik da hain pozgarria ikustea 2016an Lasarte-Orian ereindako hazi hura sustrai-tzen ari dela”. - Miren Mindegia