Ikasketak gaztelaniaz bukatu eta masterra Munich-en egin zuen Idoiak. Etxean euskaldunak ez, eta eskolan ere ez zen euskaldundu, Nafarroako gobernuak ematen dituen erraztasunak ezagututa ere. Misterioak misterio, eta herrian bertan bertako hizkuntza ikasi ez bazuen ere, ehunka kilometrotara litroko garagardo artean egindako urte hartan gai izan zen komunikatzeko bertako ilehori gehiengoarekin, eta bigarren hizkuntza erdi bat gehitu zuen curriculumean, español, ingles medio alto eta alemán medio alto. Bere arloan ez zuen lan egokirik topatzen, hau ere harrigarria bada ere gaur egungo lan merkatu emankor eta indarberrituan, eta azkeneko pare bat urteak ezer ez egin eta oposaketak prestatzen ari direnen lerro fin horretan pasa ditu.

Okurritu zait galdetzea ea euskara ikastea burutik pasa ote zaion, puntuak emango dizkiolakoan, eta ezetz, alemanak bezainbeste balio diola erantzun dit. Ez omen da lagungarria euskaraz jakitea Nafarroan lan egiteko, edo puntu extrarik ez du ematen behintzat. Arrazoi du, edo hori ulertu dut nik aste honetako berri lazgarriak entzun ostean.

Horrelako berriek gizatasunean fedea galtzera naramate. Edo jendea gaiztoa da, edo gaiztakeriaz jokatzen du, ez dago besterik. Herrialde bateko populazioaren ehuneko zenbaitek hizkuntza bat hitz egiten badu, portzentaje minimoena izanik ere, nabarmenegia da hizkuntza hori eskain dezakeen edonor baliagarriagoa dela eskain ezin dezakeen hori baino. Hori areagotu egiten da portzentaje hori hain txikia ez eta esanguratsua denean. Eta hori ikusten ez duenak, ez du ikusi nahi.

Oinarrizko eskubideez ari gara, euskaraz artatua izan nahi duenak, hala arta dezaten; eta agian nire ikuspuntu diskriminatzaile elebiduna edo hirueleduna izango da, baina kontrakoak gorroto kirats ukaezin bat duela iruditzen zait. Frau Verboten-ek aukera berdina luke, azken epaiaren arabera, alemanez artatua izateko, epai honen arabera berdin baloratuko ziratekeen eta lanpostu publiko batera jo nahi lukeenak dituen bavariar ezagutzak ala euskararenak. Elebitasuna eskolan bai, lanean ere bai, hizkuntzak ikastea hain da beharrezkoa gaur egun.. hori bai, hizkun-tza garrantzitsuak, ez mendeetan zehar gure kulturaren euskarri eta transmisio bide izan den hori. Txinera etorkizuneko hizkuntza da, eta euskaraz eskerrik asko eta agur jakinda, nahikoa begirunea da Euskal Autonomia Erkidegoan izozki bat eskatzen dutenerako, zer demonio!

Ez goaz atzera, datuek behintzat hori berma-tzen dute, euskarak gero eta presentzia nabarmenagoa duela Nafarroan: baina orduan, zer dela eta ez dugu aurrera egiten hiztun horien eskubideetan. Eta hiztun esatea agian motzegi geratzea dela iruditzen zait, zeren bai, hizkuntza eskubideak gauza bat dira, baina gai hau haratago doa. Euskaldun den orori traba jartzen tematuta daude batzuk, ez ziren konturatuko iduriz zaila dena erakargarriagoa zaigula, eta izan egoskor samarrak ere bagarela gainera.