donostia - “Erraza da erosotasunetik diskurtso ekologikoa egitea. Hala ere, XX. mendearen azken urtetan eta XXI. mendearen hasieran, Amazonia, interes ekonomikoen eta politikoen gune gutiziagarri izan da, sarritan bertako estatuen onespenarekin, eta inoiz baita agintari indigenenarekin ere”; azaldu du Peruko Amazoniako Lily Calderon abokatuak. Alboan erakundeko Patxi Alvarezekin eta Miguel Angel Cabodevilla misiolari kaputxinoarekin batera, hirurek, mahai inguru batean parte hartu dute, eta behartsuenekiko konpromisoa, giza eskubideak eta lurraren zaintza hizpide izan dituzte. Azken gai honetan mehatxupean dagoen eta “lur planetaren birika” den Amazoniaren gaian sakondu dute. Topaketa eta ondorengo eztabaida Misiolarien Aparteko Hilabetean eta Domund kanpainaren baitan antolatu da.

Beraien ustez, garapenak Amazoniako lurraldeetan esku-hartze zuzena izan behar duenaren ideia saldu da hainbat instantziatatik; garapena ahalbidetzeko baliabide naturalak erauztea ezinbesteko dela, zuhaitz-mozketa kasu; edota ekonomia mantendu ahal izateko nekazaritza mugak hedatu behar direla Amazoniatik ateratzen den petrolioa lagun. “Latinoamerikako gobernuek ekonomia suspertzeko irtenbide erraza ikusten dute atzerriko inbertsioei ateak irekita, indigenen eskubideak alde batera utzi arren. Horrek gatazkak sortu ditu”, azaldu du gaur egun zuzenbide master bat egitera etorrita Gasteizen bizi den Lily Calderonek.

Antzina-antzinatik, indigenek modu iraunkorrean ustiatu dute euren lurraldea. “Biziraupen-nekazaritza izan da, ingurumena zaintzen jakin duena. Estatuak dio, ordea, indigenak gutxiengoa direla eta ingurumenaren gaia garapenerako oztopo besterik ez dela. Bitartean, nazioarte mailako itunak sinatu dira, ingurumena modu jasangarrian ustiatu behar dela diotenak; baina sekulako aldea dago indigenen ikuspegiarekiko nazioarte eta estatu mailan. Horrek, epe luzera, poluzioa sortzen du, CO2 askatzea”, esan zuen Calderonek. Eta salatu ere egin zuen hainbat herrialderen jokamoldea; adibidez Ekuadorrek “bere herriaren beharrizan oinarrizkoak alde batera uzten ditu dirua maileguan uzten dion Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) aholkuei muzin eginez, eta gero jakina, ezinezko zaio bere herritarren bizi maila igotzea”.

desparekotasuna Herrialde garatuek euren bizi-mailarekin jarraitu ahal izateko, milioika pobre egotea ezinbestekoa dela kontuan izanda, galdera garbia bota dute: zinez aberatsok prest egongo ote ginateke gure erosotasun zenbait galtzeko parekotasuna lortzearen alde? gure mundua ez baita bestela jasangarria. “Sistema ez dago diseinatua denok eskubide-berdintasunean bizitzeko; zoritxarrez, lurralde garatuen erosotasuna beste batzuen zoritxarraren ondorioa da”, esan dute Lilyk eta Patxik. Azken honek, jesuitek Peruko oihanean tokiko GKEekin duten elkarlana, eta guztira Amazonian dituzten 75 eskolak ere izan ditu hizpide. “Jesuiten presentzia garrantzitsua da; hizkuntza indigenan oinarritutako hezkuntzari buruzko proiektu pilotua sustatzen ari gara, ikastea askoz errazagoa baita bere hizkuntzatik abiatuta, nahiz eta herrialde gehienetan gaztelania den ofiziala. Gainera, Ekuadorreko Unibertsitate Katolikoak biodibertsitatearen ikerketa-estazio bat badu, Amazoniako eremu anitzenetako batean”, azaldu du.

Lily Calderonen iritziz, mundua ez da oraindik jabetu Amazonia zeinen garrantzitsua den. “Esplotatzeko eta baliabideak erauzteko eremutzat hartu da; Cepsa, Iberdrola edota Repsolen moduko enpresak Latinoamerikara joaten dira baliabide horiek ateratzera, eta hori guztia estaltzeko proiektu txiki batzuk bultzatzen dituzte itxura berdez janzteko publizitate kanpainak antolatuta. Herritarrak ez dira jabetzen, ordea, baliabide horiek zer prezioan ari diren eramaten. Gero, PanAmazoniako gobernuek (REPAM) -Brasil, Venezuela, Guyana Frantziarra, Guyana Ingelesa, Surinam, Kolonbia, Ekuador, Peru eta BoliviaH, indigenei egozten diete errua. Hala ere, herrialde horiek guztiek, interes handiko enpresak arpilatzen ari diren baliabide oso aberatsak dituzte. Urrea dugu, petrolioa, zura; baina lurralde horiek estatuentzat leku hutsak dira, apenas bizilagunik gabeko eremu idorrak.

Panamazonika eremuan 35 milioi pertsona bizi dira, eta horietatik 4 indigenak dira. “Orain pobreziaren atarian bizi badira, euren ingurunea deuseztatuko duen klima-aldaketarekin are eta gehiago sufrituko dute. Gainera, mehatxupean bizi dira, lurraldea berea dela egiaztatzen duten titulurik ez dutelako”, nabarmendu zuen Patxi Alvarezek.

Nazioartean indarrean da LANEk (Lanaren Nazioarteko Erakundea) hitzartutako aldarrikapena, estatu guztien onespena duena. Bertan dioenez lurraren jabetza indigenei onartzen zaie, antzina-antzinatik eremu haietan bizi izan direlako. Hori horrela izanik, “indigenen komunitateari zuzenean edota zeharka eragin diezaioken edonolako proiekturen inguruan galdera egin behar zaie beraiei; baina errealitatea erabat bestelakoa da; gobernuek ez diete jabetza-eskubidea aitortzen, eta parte-hartzetik eta aurrekontu nazionaletik baztertu egiten dituzte, bestelako interesen mesedetan” gaineratu du Lily Calderonek.

kontraesana Nabarmena da kontraesana: eremu izugarri aberatsetan errotutako herrialde pobreak. Hori nola uler daiteke? “Ba, hain zuzen ere, herrialde jakin batzuk pobreak eta beste batzuk aberatsak direla dioen munduko sistema ekonomikoagatik” azpimarratu dute Patxik eta Lilyk; eta aitortu dute indigenek protagonismoa bereganatu dutela azkenaldi honetan, herrialde modernoei eta industrializatuei zuzenean eragiten dien klima-aldaketaren ondorioz. “Itxaropena indigenengan dago. Izan ere, haien antzinatiko jardunean, komunitate horien dinamikak oso lagunkoiak izan baitira ingurumenarekin”. Une honetan munduan bi mugimendu handi daude; batetik, feminismoa eta, bestetik, klima-aldaketaren aurreko naturaren defentsa. “Eztabaida ekologiko handietan, etorkizuneko belaunaldien ahotsa entzun behar da; gure bilobek ez digute onartuko hartzen ari diren erabakiekin aurrera jarrai-tzea. Gazteek etorkizuneko ahotsa dakartenez, eztabaidetan parte hartu behar dute; eta tokiko gobernuen erantzukizuna ere oso garrantzitsua da”, adierazi du Patxi Álvarezek.

Izan ere, adibidez Brasilen Bolsonarorekin, nahita eragindako suteak izugarri ugaritu dira inpunitateari atea ireki zaiolako. “Tamalgarria da. Azken 15 urteetan Amazoniako deforestazio-tasa nabarmen murriztea lortu zen, eta eskuin muturreko populista boterera iritsi denean berriro gehitu da. Argi dago beraz; tokiko eta nazioarteko politikek eragin zuzena dute naturan; eta gauzarik dramatikoena da, babestea epe luzeko lana dela, eta suntsitzea berriz, berehalako ekintza”, erantsi du Alboan taldeko jesuitak.

Eta zer egin dezakegu Euskaditik? “Natura maitatu eta babestu behar dugu; ez baitugu babestuko eta zainduko maite ez badugu. Gure elikadura-ohiturak aldatu, herritarren mugimenduetan parte hartu. Ez dago gure esku planetaren arazo larri horiek iraultzea, baina nork bere harri-koskorra ekar lezake pixkanaka-pixkanaka hobera egiteko” azpimarratu du.