iruñea - Nolako ikasleak nahi ditugu? Galdera horri erantzun nahian hasi dugu 2019-2020 ikasturtea. Izan ere, datorren urtean, 2020an, Jaso Ikastolak 40 urte beteko ditu eta etorkizuneko gure iparra definitzeko beharra dugu.

Jaso, guraso talde batzuen eskutik sortu zen orain 40 urte ikastola eredua garatzeko eta eredu horren bidez familien parte har-tzea sustatzen da. Hasieran, Etxabakoitz auzoan dagoen eraikinean aritu ginen, 1999. urtera arte, orduan oraingo Mendebaldeko auzora etorri ginen.

Edukietan oinarritutako hezkuntza ereduetatik haratago, gure metodoa konpetentzien garapenean oinarrituta dago, norbanakoaren gaitasunean, esperien-tzia errealetan eta pertsonaletan. Atzera begirako ibilbidea oparoa izan bada ere, etorkizunean zer?

40. urteurrena probesten ari gara atzera begiratuz aurrera pausuak definitzeko. 40 urte hauetan zer nolako ikasleak atera dira Jasotik? Eta etorkizunean, nolakoak izatea nahi dugu?

IKASLEEN IRTEERA PROFILA Jaso Ikastolako ikasleen profila aipa-tzen dugunean, ikasleek ikastolaldia bukatzean nolakoak izatea lortu nahi dugun adierazi nahi da. Eta profil hori definitzeko, bi eremu hartzen dira kontuan: batetik, pertsonala, eta, bestetik, akademikoa eta lan mundukoa.

Ekimen horri heldu diogu 2019 ikasturtean, Jasok 40 urte bete-tzen dituen urtean. Horretarako, gure ikasleen irteera profila finkatze bidean, zer nolako ikasleak hezi nahi ditugun zehazteko, hiru saio eder eraman dugu aurrera ikastolako klaustroan. Bertan, gure ikasleek 16 urterekin zein ezaugarri lortuak izan behar lituzketen adierazteko aukera izan dugu eta baita adierazi ere. Saioak oso emankorra izan dira eta Jaso Ikastolako ikasleen irteera profila landuta utzi dugu.

Eta orain zer? Hurrengo pausua da Jaso Ikastolako komunitate osoarekin partekatzea eta gurasoen arteko ekarpenak ere jaso-tzea.