Regino, Maribel, Fermin eta Kontza erretiratu berri diren tafallako ikastolako langileak

“Irakaskuntzan, beti irakasle eta ikasleen arteko harreman orekatu bat bilatu behar da”

Regino Ayesa, Maribel Lizarbe, Fermin Gale eta Kontza Artza, Tafallako Ikastolako lehengo lau langile erretirodunekin elkarrizketatxo bat egin dugu

06.02.2020 | 06:19
Koldo, Nahiara, Arai, Iara, Edurne, Ainara, Maia eta June (goian) eta Kontxa, Regino, Maribel eta Fermin.

tafalla - Tafallako Ikastolako 5. mailako ikasle talde batek elkarrizketa interesgarria egin diegu Regino Ayesa, Maribel Lizarbe, Fermin Gale eta Kontza Artzari, orain ikastolatik erretiroa hartu dutela eta.

Zein izan da zure lana ikastolan? Aurkeztu zure burua.

REGINO AYESA (R)-Tafallako Ikastolan hasi nintzenean, garai horretan, hezkuntza sistema desberdina zen. Oinarrizko Heziketa Orokorra (OHO) izena zuen eta hiru ziklo zeuden eta ni garai horretan 2. zikloan hasi nintzen. Ondoren gauzak aldatu ziren. 90. hamarkadan, zuek ezagutzen duzuen sistema sartu zen eta ni DBHra pasa nintzen, batez ere 2. ziklora. Beraz, DBHko 2. zikloko hezkuntzan aritu naiz bereziki.

MARIBEL LIZARBE (M)-Ikastolan ordezkapenak egiten hasi nintzen, bazegoen azterketak egin behar zituen irakasle bat eta deitu zidaten bere ordezkapenak egiteko eta txikiekin egoteko. Gero, berehala bulegoan egoteko pertsona bat behar zela eta ea interesatzen zitzaidan esan zidaten eta baietz esan nien eta horrela bulegoko lanak egiten hasi nintzen.

FERMIN GALE (F)-Ni, Regino hasi zen urten hasi nintzen, 1983an, juxtu nire urtebetetze egunean. Ez zait ahazten, irailaren 15an hasi nintzen, garai horretan horrela hasten baiziren klaseak. Sartu nintzenetik, beti OHOko goi zikloan (12, 13 eta 14 urtekoak) eta DBH hasi zenetik 1 eta 2 zikloetan egon naiz beti. Baita ere zuzendari lanean ibili naiz eta denetik tokatu zait. Arlo asko ematea tokatu zait, hizkuntza, matematika, teknologia... eta hori izan da 36 urte hauetan egin dudana.

KONTZA ARTZA (K)-Haur Hezkuntzan hasi nintzen eta hor denboraldi bat pasa ondoren igo nintzen Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailara eta hor pasatu nituen beste urte guztiak. Ez dakit badakizuen baina hau ez da lehenengo ikastola, lehen Santa Maria ondoan zegoen. "La Higuera" izena zuen. Eskola zahar bat zen, lau gela ginen. Hor egin genituen urte batzuk.

Zenbat urte eman duzu ikastolan?

K-36-37 urte.

R-Nik 33, oker ez banago.

M-Nik 38.

F-Nik 36.

Nola baloratuko zenuketeen zuen esperientzia?

R-Nola? Ona! Niretzat ezin baino hobea. Hori izan da nire betiko ametsa, irakaskuntzan lan egitea eta gainera euskal irakaskuntzan, beraz harro harro, euskal irakaskuntzan eta batez ere Tafallako ikastolan ari-tzeagatik

M-Niretzat ere bai oso ona izan da. Sartu ginenan ikastola txiki bat zen eta ikastetxe haundia bihurtu da eta Tafallan erreferente bat egin da eta neretzat oso ona izan da.

F-Niretzat ere oso ona eta oso positiboa izan da. Lan handia egin behar izan dugu baina horren ondorioz orain duguna daukagu. Gu sartu ginenean erainkuntzaren erdia zegoen, hori haunditu genuen, orain gauden hau eta berria ere egin genuen. Pozgarria izan da lana egitea eta lan horren lorpenak ikustea.

Aldaketa haundiak ikusi dituzue urte hauetan? Zein izan da aldaketarik haundiena?

M-Hainbeste aldaketa egon dira!

K-Nik duela 10 urte lanari utzi niola eta azken urtetakoak ez dakizkit... Egia esan, gaur egun, ez dut irakaskuntzarekin harreman esturik.

F-Aldaketa asko bai, bai sistema, bai pedagogia bai baliabidetan.

R-Zuk aipatu dituzu lehen, eraikuntza berriak egin ditugu eta horretarako hiru Nafarroa Oinez ospatu ditugu. DBHko 2. zikloa lortzea asko kostatu zitzaigun, Hezkuntza sistema aldatzean, 1. zikloa bakarrik eskaintzen ziguten, 14 urte bitarteko irakaskuntza, beraz oraingo DBH moztuta geratzen zen. Bigarren zikloa lortu arte lanean jarraitu genuen. Gero, probisionalki, bi lerro izateko baimena lortu genuen, hasiera batean lerro bakar baterako baimena bakarrik genuelako. Baina eskaera haundia zegoen hemen eta lortu genuen bigarren lerroa jartzeko baimena. Beraz, aldaketa oso haundiak egon dira alde guztietatik. Ze esanik ez gero, teknologia berriak etorri zirenean... zeren gu sartu ginenean genuen teknologi aurreratuena idazteko makina bat zen.

F-Kopiak egiteko multikopista bat genuen. Ordenagailuak 90. hamarkadan etorri ziren.

Gaur egungo irakasle edo langileengan pentsatuz, oso desberdinak zaretela uste duzue?

K: Benetan, ez dut gaur egungo irakaslerik ezagutzen. Uste dut baietz, batez ere, baliabideak direla eta...

R: Azken finean irakaskuntza da, lehen eta orain, aldatzen dena kurrikuluma da, adibidez, eta irakasleak lotuta daude, badauzkagu helburu batzuk, ez gure ikastolakoak bakarrik, Federazio bat dago, NIE, eta hor bidea markatzen da.Eta administrazioa dugu. Arlo batzuk aldatzen dira zer edo zer. Azken finean, irakaskuntzan, beti irakasle eta ikasle arteko harreman orekatu bat bilatu behar da, hori da irakaskuntza, ikasle bat lagundu, harreman ona izan... eta hor ez da aldaketarik izan.

F-Denok eskatzen zaigunari egokitu behar gara, hor dago kurrikuluma, eta bai berria eta gaztea izan bai gure adinekoa izan, denok lan berdina egin behar dugu. Diferentzia, bueno, guk esperientzia gehiago dugula eta hori nabaritzen da irakaskun-tzan baina lana egiteko moduan eta, ez dakit, batera joan behar dugu, bestela honek ez du funtzionatzen. Aldaketak etengabe egon dira. lege berriak kurrikulum berria dakar, hiztegia aldatzen da, aldatzen dira helburuak...etengabeko berrikuntzak eta etengabeko prestakuntzak.

K-Azken urteetan 4 lege izan ditugu, beraz...

R-Irakasle bakoitza makina sofistikatu baten pieza da eta denok elkarlanean koordinatuta aritu behar dugu.

Nola animatuko zenituzteke familia berriak ikastolara etortzeko?

R-Zentro hau aurrerakoia dela esanez, helburuak azaltzen, gure kulturan oinarrituta dagoela, irakasleak etengabe prestatzen ari direla, ikasle eleanitzak hezten direla eta elkarren arteko harremanak ongi zainduta daudela esanez.

M-Egin duzuen bideoa erakutsiko nieke, uste dut dena esaten duela.

F-Zentroa bisitatzera animatuko nituzke, hor eguneroko bizitza ikusi eta sentitu daitekeelako. Ikastolak 50 kandela itzaltzen ditu arten.