irusari buruz ez idaztea zen gaurko helburua, baina tira, sikiera gaiari hasiera emateko erabiltzea onartuko didazue, birusak kutsatu ez, baina honen inguruko informazio zaparradak blai egin bainau.

Aurreko batean irakurri nion ezagun bati gripe bat pasatzeak ez zaituela koronabirusean aditua bilakatzen, eta hauxe bera bizitzako beste hainbat esparruetan gertatzen den zerbait dela konturatu naiz. Adibide garbia litzateke gutariko askok egiten ditugula gure egunerokoak ordenagailu baten pantailari begira, baina benetan gure lana erabat telematikoki egitea egokitu zaigun honetan, munduaren aurrean biluzik sentitu garela. Baliabide informatikoetan iaiotasun puntu bat daukatenek ere ziur topatu dituztela zailtasunak, eta agian pentsatzen zuten, edo dugu, adituak ginela horretan. Agian jarraituko du baten batek bide beretik pentsatzen, baina egoerek kontrakoa erakusten digute. Gai baten inguruan esperientzia izateak ez gaitu aditu egiten, ez eta gutxiago ere.

Gure amonei dozena erdi haur hezi ostean ez zien inork esan beharko gauzak nola egin, ados, eta hori ez zutela pre, post eta beste aurrizkidun ikastaro eta gimnasiarik egiten. Baina ez zitzaien burutik pasa ere egiten bere gisako beste edonori leziorik ematea, edota are gutxiago eskolara gerturatzea gauzak nola egin behar ziren azaltzera bertako irakasleari, kasu bat aipatze aldera. Gaur egun aldiz erraz bidali eta jasotzen ditugu gomendioak. Oraindik errazago e-mailez edo mezu laburrez egin baldin badaiteke, presiorik gabe, nire iritzia helarazteko asmo hutsez.

Ez zait sekula otu, adibide bat jartzearren, galdara konpontzen duen pertsonari iradokitzea horrela egin beharrean bestela egitea hobe lukeela, edo okinari esatea labeari pare bat gradu jaitsiz gero askoz kurruskariagoa geratuko zaiola ogia, interneten hala jartzen duelako. Ez zait sekula bururatu egia esan, baina idazten noan heinean konturatu naiz ziur behin baina gehiagotan entzun behar izan dituztela aholkuok, besterik gabe, jakin dezazuen.

Uste dut beste noizbait hitz egin nizuela iritziaren demokratizazioaz eta honen zabalkunde beldurgarriaz. Bakoitzak uste du bere iritzia bakarra dela, paregabea, eta hori ez da horrela. Ez dago iritzi onik edo txarrik. Dikotomia bat aipatzekotan bi polo bereizi beharko genituzke, Iritziak bere barruan edo eremu pribaturako gordetzen dituztenak, eta oso garrantzitsua delakoan berea botatzen dutenak. Hainbeste ohitu gara edozein zerbitzu erabiltzean bidaltzen dizkiguten feedback inkesta horiek erantzuten, ezinbestekotu egin ditugula gure barne hausnarketak partekatzea. Aeroportuetako komunetan ere hiru edo lau koloretako aurpegiak jartzen dizkigute, gure asebetetze maila neurtzeko. Asebetetzeari buruz galdetu asehuste baten segidan, nola erantzungo diegu bada, liberatuta ezinbestean.

Eta hori, hortxe duzue nire iritzia, besterik gabe, jakin dezazuen.