ehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara ikasleek egin ohi duten jauzia beti izan da nahiko handia, etapa batetik bestera dauden desberdintasun nabarmenengatik. Horregatik, ikasle hauen ikasturte hasierako lehenengo egunetako plangintza desberdina izan ohi da beti aurreko urteetan, eta are desberdinagoa aurten, bizi izan dugun osasun krisialdia dela eta.

Berez, jauzi hori egin dezaten lanketa berezia egin ohi da urtero, besteak beste, etapa berriaren fun-tzionamendua azaltzeko (ordutegiak, irakasle ezberdinen aurkezpenak, tutoreekin izango duten harremana…) eta gurean, San Fermin Ikastolan, EKI ikasmateriala modu digitalean erabiltzen dugunez, arlo honen inguruko aparteko formakuntza jasotzen dute, urte osoan zehar baliatuko dituzten ordenagailuak eta online plataformak menpera ditzaten. “Formakuntza berezia egin behar izan dute” dio Izarne Garmediak, DBHko 1. mailako tutoreak, “ordenagailu propio bat izateak zer nolako ardurak dakartza, Sites antolaketa berria… Berez, ikastolan egiten dena, EKI digitalki erabiltzen dugulako, baina baita berriz ere etxeratzen bagaituzte, prestatuak egon gaitezen”, gaineratu du.

Baina aurten, beste lan mardula egin beharra zegoen, gainontzeko mailatan bezala: covid-19ak eragindako pandemia egoeraren inguruko protokoloaren aurkezpena. Miren Munarriz irakaslearen arabera, “hasieratik, argi genuen gai hau ezin genuela arauen lanketa huts bezala aurkeztu; bizi izan dugun krisialdiak, gure osasunean jo digu bete-betean, baina ezin ditugu ahaztu gure eguneroko bizi-tzan, martxotik ikastolara etorri ez diren ikasle hauen bizitzetara ekarri dituen ondorio emozionalak”. Horrexegatik, hasiera-hasieratik gai honi heldu behar ziotela erabaki zuten. “Arauak ongi azaltzeko ardura genuen, baina baita bizi izan dugun guztia azaleratzeko, konpartitzeko aukerak emateko ardura ere” nabarmendu du Munarrizek.

Hori horrela, San Fermin Ikastolako Orientazio Mintegiak harrera plangintza prestatu zuen iraila hasieran, DBHko 1. mailako tutore taldearekin batera. Landu beharreko gaiak ugariak ziren eta ikasleek jasoko zuten informazio zaparrada hori behar bezala antola-tzeko beharra ikusi zuten. Lehenengo eguna ere oso garrantzitsua zen eta horregatik, adibidez, haien ikasgeletara sartu orduko, ikasle bakoitzak gutun bana zuen mahai gainean, ongi etorria ematen zien mezu adeitsu batekin. Horrez gainera, lehen egun horretan ere, iazko tutoreekin egoteko aukera izan zuten, aurreko ikasturteko zikloa behar bezala isteko. Ikastolan maila honek sartu-irtenak egiteko kolore identifikatiboa urdina duenez, tutore guztiak urdinez jantzita etorri ziren. “Ikasle hauek, beldurtuta etorri ohi dira DBHra urtero, handien mundura sartzen ari direlako nolabait. Baina aurten inoiz baino gehiago” dio Izarne Garmendiak, “Covid-19ak eragindako neurriengatik, jakina, baina baita martxotik ez direlako ikastolara etorri ere”.

Hortik aurrera, talde kohesioa, interdenpendentzia positiboa, edo eta bizipenak partekatzeko hamaika ekimen burutu izan dira, lehen egunetan. Banakako edo talde dinamika ezberdinak, elkar ezagutzeko jokoak, arauak modu proaktiboan eraikitzeko jarduerak…

Dagoeneko ia hilabete bat igaro da ikasturte berezi hau abiatu zenetik eta, hainbat arlo jorratu dituzten arren, egiteke asko geldi-tzen dela deritzote, bereziki arlo emozionala lantzeko. Izan ere, garrantzi handia ematen ari zaio gure gizartean ikasturte berri eta berezi honetan ikasleei eduki akademikoak nola emango zaizkien edo zenbateraino bermatuko dugun familien kontziliazioa, baina ez dugu ahaztu behar Hezkun-tza egitea dela gure ardura eta ikasleen eskubidea eta horrek pertsona bere osotasunean hartzea suposatzen du.