"Ariketa sozial masiboa" izan da Euskaraldiaren bigarren edizioa ere. Hala azaldu zuten atzo hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ekimenaren antolatzaileek. Aurreikuspenak egitea zaila zen urtean, antolatzaileen aburuz, "pozgarria izan da" milaka lagunek beren euskararekiko konpromisoa berretsi egin dutela ikustea eta gainera, aurreko edizioan parte hartu ez zuten ahobizi eta belarriprest asko ariketara batu direla behatzea.

Orotara, 179.780 euskaldunek hartu dute parte aurten. Lehenengo edizioan baino gutxiago izatea pandemia garaiari atxiki zion Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak, eta balorazioa oso positiboa dela gaineratu zuen atzo Bilbon egindako agerraldian. Aurten ere, gizartearen euskararen aldeko jarrera eta atxikimendua zabala izan da antolatzaileek azaldu zutenez; eta horren zergatia "herri-gogoa ariketarako hauspoa" izan dela nabarmendu dute.

"Inertziak astindu eta praktika berriak errotzen jarraitzeko garaia da"

"Hizkuntza praktika berriak sortzen ari gara". Hori da aurten ekimenaren sustatzaileek zabaldu duten leloa. Horrenbestez, emandako pausoez haratago joan eta Euskaraldiak bultzatutako hizkuntza praktiketan sakontzen jarraitzeko deia egin zuten. Izan ere, bigarren edizioa atzo bukatu zen arren, "biharko eguna ere garrantzitsua" dela azpimarratu zuen Bingen Zupiriak. "Inertziak astindu eta praktika berriak errotzen jarraitzeko garaia da", Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu sailburuaren hitzetan.

Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek bere aldetik azaldu zuen, "Euskaraldia ariketa pertsonal zein kolektiboa" dela, eta "ariketan zehar jaso ditugun ohitura aldaketei lotutako bizipenek ematen diote zentzua guzti honi". Bakoitzaren ohiko harreman sareetan eragiteak hautu kontzientea egitea eskatzen baitu eta "praktikari eusteak, jarraikortasuna".

"Euskararen erabilera areagotzeko oso garrantzitsua den jende multzo zabal hori aktibatzea da erronka "

Urte berezi honetan Euskaraldia egitea "erronka" izan den arren, gizartearen konpromisoa nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: Euskal gizarteak berriro erakutsi du garai zailetan ere gai dela ariketa sozial honen bueltan indarrak bildu eta Euskal Herri osora zabaltzeko". Halaber, ahobizi eta belarriprest roletan "sakontzen jarraitu beharra" dagoela azpimarratu zuten.

Modu horretan, Euskal Konfederazioko ordezkari Amets Lahetjuzanek adierazi zuenez, oraindik ere belarriprest izan daitekeen jende asko dago arrazoi ezberdinengatik Euskaraldian modu aktiboan parte hartzeko erabakia hartu ez duena. Horregatik, "hurrengo ediziorako ere, euskararen erabilera nabarmen areagotzeko oso garrantzitsua den jende multzo zabal hori aktibatzea da erronka", bere aburuz.

Elkarlana, ardatz

Ahobizi eta belarriprest rolez gain, ariguneak sortu dira bigarren edizio honetan, "berebiziko garrantzia" izan dutenak. Izan ere, euskararentzako gune erosoak sortzea "behar-beharrezkotzat" jotzen dute antolatzaileek eta horregatik milaka enpresa handi eta txiki, merkatari, erakunde publiko eta era guztietako elkarteen elkarlana ardatz izan da.

Bide horretan, azpimarratu zutenez, Euskaraldiaren hasieratik bultzatutako lankidetza ereduari eutsi zaio aurten eta gizarte eragileen, erakunde publikoen eta bestelako eragileen arteko indar uztarketak abiatu dira.

Praktika berriei eusteko erronka

Aurtengo edizioaren balorazioa positiboa izan bada ere, etorkizunean jarri dute fokua ekimenaren sustatzaileek. Euskaraldiaren bigarren edizioan "erakutsi dugu elkar hartuta inertziak apurtzen, ohiturak aldatzen eta euskararentzako guneak irabazten jarraitu dezakegula. Euskaraldiak inertziak apurtzeko babesa eman digu egunotan, eta aldatu ditugun dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia da orain".

Gainera, Zupiriak azpimarratu egin zituen hamabost egun hauetako ekimenaren fruituak: "Berriz ikusi dugu uste duguna baino jende gehiagok ulertzen duela euskaraz; norberak ekiteak inguruan ere eragiten duela; uste baino gehiago bizi gaitezkeela euskaraz; ingurune digitalean ere urrats asko ditugula emateko; tresna txiki batzuekin errazago egin dezakegula; ohiturak aldatzea posible dela".

Horregatik, Arrate Illarok herritarrei proposamena luzatu die bi aste hauetako ariketak jarraipena izan dezan: "Hamabost egun hauetan sortu ditugun praktika berritzaile hauei eutsi diezaiegun aurrerantzean ere".