- Nafarroako Ikastolen Elkarteak haur eta gazteentzako urtero antolatzen dituen Juul hauteskunde literarioen idazle eta ilustratzaile bozkatuenei sariak banatzeko ekitaldia ospatu zuen joan zen asteazkenean, Lizarrako Julián Romano Musika Eskolan. Bertan bildu ziren egitasmoaren 23. edizioan nagusitu ziren idazle eta ilustratzaileetako ba-tzuk, tartean Olga de Dios (Hiru begiko igela), Antton Kazabon (Burnizko potoa), Aintzane Usandizaga (Etxe honetan), Espainiako Poesia Saria irabazi berri duen Miren Agur Meabe (Katta ametsetan), Paddy Rekalde (Lapatza), Peru Magdalena (Txomintxo eta Perutxo lehendakari), Jasone Osoro (Go!azen, Maddiren amona influencerra eta Eskularru beltzak), eta Jon Arretxe (Beti Iparralderantz) idazleak; eta Eider Eibar, Alai Zubimendi eta Joseba Larratxe Josevysky ilustratzaileak.

Azken urtetan bezala, bozkatuen izan diren idazleei zein ilustratzaileei Nafarroako Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egin zien. Horretarako, Asun Goikoetxea artista nafarrari Juul Saria egin zezala eskatu zitzaion, eta artelan hori izan zen NIEk saridunei banatu ziena. Antolatzaileek aitortu duten bezala, “sarituak izan diren idazleen eta ilustratzaileen erantzuna bikaina izan da, oso eskertuta gaude beraien etorrerarekin”.

NIE-ko lehendakari Elena Zabaletak sari-banaketan azpimarratu bezala, “zalantzarik gabe, literatura haur eta gazteei balioak erakusteko baliagarria da”. “Liburuetan gertatzen diren abenturak, pertsonaien bizipenak eta abar, bizitzarako irakaskun-tzak izan daitezke, irakurketa kritikotik abiatuta, jakina. Aurten, JUUL hauteskundeegunean bozkatuenak izan diren liburuen gaiak kontuan izanda, bi hitz datozkit burura: errespetua eta elkartasuna. Oinarri-oinarrizko balioak, ikastoletan oso ain-tzat hartzen ditugunak, errespetuz eta elkartasunez jokatuz gero, erabateko naturaltasunez saihesten baitira tamalez hainbestetan gertatzen diren bidegabekeriak”.