az de Ziganda Ikastolako Haur Hezkuntzako proiektu pedagogiko berritzaile eta eraldatzaileak (hIZAN) haurra erdigunean kokatzen du. Gure ikastolan ikaslearen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten da lan. Haurraren senetik eta erritmotik abiatzen gara; bera da bere bizitzako protagonista, eta ikastola bere garapenerako bidelaguna, familiekin elkarlanean.

Haurraren alderdi fisikoa, kognitiboa, komunikatiboa, soziala eta afektiboa izaten dugu oinarri Paz de Ziganda ikastolan. Guzti hauek bermatzeko espazioek berebiziko garrantzia dute, barnekoek zein kanpokoek.

Urteetako hausnarketa baten ostean, 2020ko udan 2 eta 3 urteko gelen eraldaketa burutu genuen. Espazio pedagogikoetan adituak diren arkitektoekin elkarlanean, familia ordezkariek eta irakasleek espazio berriak diseinatu eta sortu zituzten. Gardentasuna, malgutasuna, hosgabetzea, erabilera anitzeko espazio abegikorrak, eta hezkuntza-altzarien egokitasuna, kontutan hartutako aldagai nagusiak izan ziren, besteak beste.

Eta kanpo espazioei dagokionez zer egin zitekeen? Tradizionalki jolastokian futbolerako espazioak izaten genituen, baina orain Paz de Ziganda Ikastolako ikasleen beharren zerbitzura egokitzen diren espazioetara jo dugu, haurraren garapen integrala bultzatzen duten hainbat gune sortuz, elkarreraginean hazi eta hezteko. Ildo honi eutsiz, pasa berri den udan Haur Hezkuntzako kanpo eremua zabaldu eta eraldatu genuen.

Egun, espazio hauek gelaren luzapen bat bihurtu dira. Ez dugu aurreikusten ohiko “jolastordura” mugatutako erabilera. Barrukoak bezainbesteko balioa dauka kanpo espazioak eta, ondorioz, maiztasunez eta luzez erabil daitekeen baliabidetzat hartzen dugu. Aurreko hesi altua bota eta egurrez eta sokaz egindako erabilera ani-tzeko muga irregularra sortu genuen. Mugak berak bi aldeetan eskaintzen ditu aukerak; jesarlekuak, ezkutalekuak, dorreak, behategiak... ditu haurren ikusnahia piztuz eta komunikazio aukera ezberdinak ahalbidetuz. Hareaz eta egurrez egindako eremuak ere baditugu haurrek esperimentatu eta manipulatzeko. Irudimena eta grina asetzeko txoko desberdinak ditugu, haurren berezko jakin-mina eta gogoko dituzten erronka berriak sortarazteko aukera zabaltzen dutenak. Ikerketarako sena sustatu eta jolasa aberasten dute, horrekin guztiarekin haurrari bere dimentsio guztietan garatzeko aukera emanez. Garapen motorea bermatzeko erronka anitzak eskaintzen ditu espazioak, haurrak mugimenduaren bitartez gozatzen duelarik, mugimendu librea, espontaneoa eta autonomoa bultzatuz: igotzeko, eskalatzeko, jaisteko, salto egiteko... Naturarekin bat egiten duten elementuak dira. Adierazpen artistikoak ere badu bere lekua: musika, dantza, antzerkia, arte plastikoa... elkarrekin lotzen dira modu naturalean gure kanpo espazioan.

Hezitzaioleoi ere onura izugarriak suposatu dizkigu eraldaketa honek, gure ikasleekin kanpo espazioaz gozatzeko eta bidelagun garen honetan, aukera gehiago izateko.

Aipatutako guzti honetaz gain, gure ikastolan, familiek eta familien arteko erlazioek garrantzi handia dute. Kanpo espazio berriak, elkargune eta txoko apropos eta erosoagoak eskain-tzen dizkie familiei, haurrak geletatik jasotzen dituztenean, leku erakargarri eta xarmagarria aurkitzen dituztelarik tarte goxo bat igarotzeko beste familiekin batera. Berrantolamendu hau adimen emozionalean Kaeruko adituekin jorratzen ari garen proiektuarekin lerrokatua dago.

Gure ikastola guraso kooperatiba bat izanik, auzolanak ere bere lekua izan du prozesu honetan. Adituen eskuetan azpiegitura orokorra utzi genuen baina, horren ostean, gurasoek beraien ekarpena egin zuten. Mahai zaharrak konpondu, margotu, egurrezko osagarriak kokatu, garbiketa lanak eta abar beraien eskuetan geratu ziren eta era honetan ikastolaren izaera kooperatibista eta parte-hartzaileak berriro ere nabarian geratu zen.

Gure ikastolan etxean bezala sentiaraztea eta guztiontzat konfiantzazko espazio atsegin eta seguru bat sortzea dugu helburu, eta horretan lanean jarraituko dugu Paz de Ziganda Ikastolan. Hurrengo fasea Lehen Hezkun-tzako espazioen eraldaketa izango da, kanpo espazioen proiektu eraldatzaile honi jarraipena emanez.