izitzarako eskolak sortzea ez da paperean geratzen den helburu antzu bat Lizarra Ikastolan. Egungo eginbeharrei aurre egiteko gai diren ikasle proaktiboak hezteko konpromezuaren adibide ditugu etapa ezberdinetan garatzen diren proiektu multidiziplinarrak.

Ekimen hauek, orokorrean, egungo hezkuntzaren lau oinarri nagusiak biltzen dituzte: izaten ikastea, ezagutzen ikastea, egiten ikastea eta konpainian bizitzen ikastea. Ibilbide hau oso erraz antzeman dezakegu Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek sortu duten arte galerian.

Egun, etorkizuneko artistak ikastetxeetan daude. Munduari lan berriak eskaini aurretik, arteak eman dituen artelan ospetsuenak eta hauen sortzaileak ezagutzea ezinbestekoa da. Horregatik, 5. mailako neska-mutilek, besteak beste, Jose Luis Zumeta, Louise Bourgeois, Joan Miró, Jorge Oteiza, Pablo Picasso, Nestor Basterretxea, Adriana Ibargoien, Eduardo Txillida eta Richard Longekin pasa dituzte azken asteak. Artista hauen obrak eta bizitzak ezagutu, eta aztertu ondoren, papera eta bestelako materialak artez zipriztintzeari ekin diote.

Ikasle bakoitzak, ikusitakoan oinarrituta, bere arte lan propioa eraiki du; eta hura sortzeko eman dituen urratsak idatziz jaso eta ahoz azaltzeko prestatu du bere burua. Gainera, omendutako artistaren biografia idatzia ere bilduma baterako prest utzi du. Modu honetan, hizkuntza trebetasunak, idatziz, testu mota ezberdinen ekoizpenen bitartez; eta ahoz, ahozko aurkezpenen estrategiak barneratuz, garatu dituzte.

Behin obra berriak prest daudela, arte galeria batean bildu, eta gizarteratzeko gonbidapenak egin eta banatu dituzte: familiak, beste mailetako ikasleak eta irakasleak atsegin handiz gonbidatu dituzte euren eskuek sortutako piezak ikustera.

Esperientzia artistiko honen bitartez, Oinarrizko Konpetentzia aunitzen garapena ziurtatzen da: hizkuntza konpetentzia, idatzizko zein ahozko komunikazioa bermatuz; pentsatu eta ikasteko konpetentzia; espiritu ekintzailerako konpetentzia; elkarrekin ikasten eta bizitzeko konpetentzia; norbera izateko konpetentzia eta; IKT baliabideen eralbilpena dela eta, konpetentzia digitala.

Modu honetan, arteak eta hezkuntzak eskutik helduta, etorkizuneko gizarte kulturala ehuntzeko bideari ateak irekitzen dizkiote. Adierazpen plastiko ezberdinek pertsonengan eragin dezaketen sentsazio eta ibilbide emozionalak txikitatik esperimentatuz, eta denon eskura jarriz. Nork daki zenbat artistek garatuko duten haien gaitasun artistikoa Lizarra Ikastolatik pasa ondoren.