Larunbatean hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizioa
finala martxoaren 23an jokatuko da, anaitasuna aretoanInoizko parte hartzerik zabalenarekin, 31 bertsolari, abiatzen da Txapelketa
iruñea. Nafarroako Bertsolari Txapelketa nobedadez gainezka dator aurten. Larunbat honetan, hilaren 2an, Lizarrako Gazteriaren Etxean hasiko den lehiaketak o-rain arteko parte hartzerik zabalena lortu du bere 41. edizioan: 31 bertsolari. Horren ondorioz, azken urteotan baino saio bat gehiago izango du, hau da, bost azken-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Azken hau, duela bi urte bezalaxe, Iruñean ospatuko da baina, kasu honetan, Anaitasuna kiroldegia izango du eszenatoki Labrit pilotalekua beharrean, martxoaren 23an.
Aurkezten diren bertsolarien artean seik lehenengo aldiz hartuko dute parte Txapelketan: Iruñeko Haizea Beruete, Oskar Sanz de Acedo eta Unai Uberetagoena; Lesakako Eneko Fernandez; Elizondoko Xabier Maia; eta Oronozko Amaia Elizagoien. Halaber, Nafarroako bertsogintza panoraman beteranoak diren Erika Lagoma lesakarraren eta Joxema Lei-tza arbizuarraren itzulera azpimarratzekoa da.
Gogoan eduki beharra da, bestalde, Nafarroako txapelaren irabazleaz gain udazkenean hasiko den eta lau urtetik behin ospatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusirako lau ordezkariak zeintzuk izanen diren erabakiko dela aurtengo edizio honetan.
Lehiaketaren antolamenduari dagokionez, lehenengo fasean bost azken-laurdenak ospatuko dira: lehenengo biak asteburu honetan (otsailaren 2an Lizarran eta otsailaren 3an Aldatzen), hurrengo biak datorren asteburuan (otsailaren 9an Larraintzarren eta otsailaren 10ean Iturenen) eta azken bat otsailaren 16an, Zubirin, hauetako bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko dutelarik. Fase honetan hamazazpi bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetarako, hau da, saio bakoitzeko irabazlea eta puntuazio hoberena lortu duten hamabiak. 2011ko txapelduna, Julio Soto, zuzenean sailkatzen da bigarren faserako.
Martxoaren 2an, 3an eta 9an ospatuko dira sei bertsolariz osatutako hiru finalaurrekoak, Atarrabia, Etxarri Aranatz eta Elizondon, hurrenez hurren. Saio bakoitzeko garaileak eta puntuaziorik onenak jaso dituzten bost bertsolariek lortuko dute, beraz, martxoaren 23an ospatuko den final handirako pasea. Erran bezala, final honetako lehenengo lau sailkatuak izango dira Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko dutenak.
Puntuazio erabakigarri hauek jartzearen arduradun izango da Ekintza Landa, Saioa Mitxelena, Nerea Bruño, Gaizka Sarasola, Mikel Xabier Juaniz, Josune Etxanobe, Mikel Alzuart, Jon Abril eta Mikel Beaumontek osatutako epaimahaia. Alaitz Rekondo, Gorka Urtasun, Miren Bidarte, Elisa Almandoz, Jon Arratibel, Joseba Beltza, Estitxu Fernandez, Saionara Barrena, Maider Ansa, Fernando Anbustegi, Rosita Anakabe, Luis Mari Larreta eta Xabier Zarraluki izango dira gaiak jarriko dituztenak; eta Alaitz Rekondo, Gorka Urtasun, Saionara Barrena, Jon Arratibel, Miren Bidarte, Estitxu Fernandez eta Fernando Anbustegi egongo dira saio bakoi-tzaren aurkezpen lanetan.
Saio guztietako sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian erosi daitezke. Era berean, sarrerak saioaren ospakizun herrian bertan ere aurkitu ahal izango dira, egun batzuk lehenagotik, baita egunean bertan egoitza bakoitzeko leihatiletan ere.
ZIKLO BERRI BATEN HASIERA Sare soziala lelopean, Txapelketa "ziklo berri baten hasiera" dela adierazi zuen Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak ekimenaren aurkezpenean, atzo. Izan ere, 2011 urtera arte urtero ospatzen zen ekitaldia bi urtetik behin ospatzea erabaki zen orduan. Hala, iaz ekimen berri bati ekin zitzaion, Bardoak taldekako txapelketa, antolatzaileen iritziz bertsolari berriak bakarkako txapelketan parte hartzera animatu dituen arrazoi nagusietako bat izan dena.
Lehiaz harago, txapelketak duen auzolan zentzua azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek aurtengo leloaren bitartez, Arburuak atzo erran bezala: "Oro har sare sozial gisa irudikatzen dugu Txapelketa. Bertsolariek, gai-jartzaileek, epaileek, antolaketa lanetan laguntzen dutenek, bertso-eskoletako kideek, bertsozaleek eta beste askok osa-tzen dute sare hori".
2011n hasitako bideari jarraiki, aurten ere Kutxabank Kutxa Fundazioa izan da ekitaldiaren babesle nagusia. Horretaz gain, Lizarra, Larraun, Ultzama, Ituren, Esteribar, Atarrabia, Etxarri Aranatz, Baztan eta Iruñeko udalek ere Txapelketa antolatzen lagundu dutela gogorazi zuten atzokoan antola-tzaileek.