Senari entzunda, bueltan da Sen
Hilik zegoela pentsatu eta lokartuta baino ez zegoela ohartu. Gutxien espero zutenean, elkarrekin dira berriro bidean Sen taldeko kideak; jakinduria berriekin, ilusio berberaz. Gozatzeko eta gozarazteko itzuli dira
Duela hamabost urte, 1999an, azkura egin zien har berak helduta itzuli dira euskal musikaren oholtzara Sen taldeko kideak. 2004an taldea desegin zenetik beste hainbat proiektutan eta zereginetan ibili dira Aitor Uriarte (ahotsa, gitarra), Haritz Harreguy (gitarra), Aiheko Zubimendi (bateria) eta Joseba San Sebastian (baxua). La-tzen taldean hasitako Uriarte, esaterako, Une taldean aritu zen Senen ostean eta Harreguy teknikari lanetan ibili da -eta dabil-, bai estudioan, bai bertatik pasatzen diren talde entzutetsuen zuzenekoetan ere. San Sebastian ere martxan aritu da ordutik, Anhe Duhalde edo Alex Ubago musikariei laguntzen, eta Zubimendik ere ez dio bateria astintzeari utzi.
Taldea Stand by egoeran zegoela, Uriarte eta Harreguy lan baterako elkartu ziren urte hasieran eta Seni berriro heltzeari buruz hitz egiten hasi ziren. Bada esan eta egin; betiko lau partaideak eta teknikariak bilera batean elkartu ziren. "Han ikusi zen gogoa bazegoela eta aurrera egin genuen -azaltzen du Uriartek-, eta ez gara damutzen".
Hautsa kendu eta urrea topatu Taldea utzi eta hamar urte pasa ondoren, zertan aldatu diren galdetuta, argi dio "objektiboki helduago" direla eta nabari dela hartutako esperien-tzia guztia; baina, abeslariak azaltzen duenez, "lehengo freskotasun hori mantentzen dugula uste dut. Lehen entsegura arte hori zen gure kezka, nola egongo ote ginen denok eta zer nolako kimika egongo ote zen instrumentuekin". Baina berehala desegin ziren beldurrak: "Harrituta geunden, urteak ez zirela pasa zirudien, oso positiboa izan zen".
Kontzertu birarekin pentsatzean, aldiz, euren kezka zen jendeak nola hartuko ote zuen itzulera, eta erantzuna ezin hobea izan dela diote. "Horrekin ere guztiz harrituta gelditu gara", dio Uriartek. "Usurbilgo gaztetxean egin genuen itzulerako lehen kontzertua, eta ez genuen espero han sortu zen kimika eta berotasun maila. Hunkigarria izan zen, benetan". Ikusleen artean, orduko jarraitzaileez gain, asko dira taldea behin deseginda ezagutu dutenak ere, "taldea zuzenean ikusteko gogoz gelditu zirenak", argi-tzen du abeslariak. Pozarren ikusi dute kon-tzertuetan jendeak eurekin batera abestu dituela kantuen letra guztiak, "azken urteetan martxan egon bagina bezala sentitu genuen".
Proposamen desberdina 1999tik 2004ra arte iraun zuen Sen taldearen lehen aroak. 2000. urtean, taldearen izen bereko diskoa kaleratu zuten Oihukarekin. Begi bat, Bidaiari edo Atzo gaur bihar zan bezalako kantuak ekarri zituzten. 2002an etorri zen bigarren lana, Gaizki esanak (Metak), taldearen nortasun sendoa erakusten zuten Adiskidetasuna, Argi izpi bat edo Zure askatasunagatik kantuek, lehen lanean baino doinu eta tempo biziagoekin. Disko honetan gainera, Hendrik Roever gitarra-jotzailearen kolaborazioa izan zuten, gero elkarren arteko disko bati bide emango zion kolaborazioa. 2003an, Sen-Hendrik Roever diskoa atera baitzuten, Senen ordura arteko abestien moldaketekin.
Garai hartako oroitzapen politak gordetzen dituzte, aro oso luzea ez izan arren, arrasto sakona utzi baitzien. Uriarte, jende asko mugitzen zuen Latzen bezalako talde indartsutik edo, Harreguy, Larrua Truken gitarra ilunak jotzetik etorrita, Sen "oso proiektu berezia" izan zela diote; "garai hartan, gainera, pop-rock musika ez zen oso ezaguna edo erabilia Euskal Herrian eta proposamen oso alternatiboa izan zen orduan", dio abeslariak. Orain ikusten dute, urteak pasa arren, jendeak Sen gogoratzen duela eta euren musikak ez duela gaurkotasunik galdu.
'Hemen gara, bueltan gara' 2013an, berriz, hasitako abentura honi ongietorria egiteko, kantu berri bat konposatu dute Senekoek, Izarrak berri, bertan azaltzen da itzuleraren zergatia eta istorioa. Baina, kantu hau ez da, momentuz, disko berri baten atarikoa izango. "Momentuz kontzertuak ematea da gure asmoa. Bira honetan buru-belarri gaude denok, hau da gure lehentasun musikala eta birari zukua atera eta disfrutatzea da gure helburua. Gero zer etor daitekeen, batek daki!", aitortzen du Uriartek.
Kontzertu ugari emango dituztela iragarri dute, eta Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienak ukituko dituzte. Tartean izango dira kon-tzertu bereziak ere, hilaren 29an Abaltzisketako Larraitz auzoan emango dutena, esaterako. "Inoiz egin ez den gauza kurioso bat izango da, Eko-kontzertu bat izango da". Zaleek jakin dezatela, sentaldea.com webgunean ematen joango direla konfirmatzear dituzten kontzertu horien guztien berri. Adi beraz egutegiari, Sen bueltan da eta.