BILBO. Campos Eliseos antzokiko Kupula Aretoan egingo da erakusketaren bigarren edizioa, eta emanaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, abenduaren 2koa izan ezik, 18:00etan izango baita. Sarrera librea izango da proiekzio guztietan, aretoa bete arte.
Horrela, azaroaren 28an, "Gazta zati bat" ikusi ahal izango da. Euskal gatazkari buruz Jon Maiak egin duen dokumentala da, "giza ikuspegi hurbilago batetik eta historia zein kazetaritzak azaldu dutenetik haratago". Xabier Solano eta Zigor Lanpreren musika eta Juantxo Sardonen argazkia du filmak.
Hurrengo egunean, azaroaren 29an, Eider Rodriguezek eta Fermin Muguruzak zuzenduriko "Zuloak" izango da ikusgai. Zuloak emakumezko boskote musikalaren ibilbidea aztertzen du (Arrate Rodríguez, Naiara Goikoetxea, Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa eta Izaskun Muruaga). "Emakumezko talde batek egiten duen ekarpen artistiko paregabea, genero ikuspegitik", nabrmendu dute.
"Arriya" izango da hurrengo proiekzioa, azaroaren 30ean. Euskal Herriko mugan den herri batean bizi diren hiru gazteren istorioa da, "amaierarik gabeko dolu baten istorioa", alegia. Alberto J. Gorritibereak idatzi eta koordinaturiko lana da, eta protagonistak Iban Garate, Begoña Maestra eta Sara Casanovas dira.
"AMAMA"
Abenduaren 1ean, Asier Altunak zuzendu eta idatzitako "Amama" izango da protagonista. Familia baten belaunaldien arteko gatazkaren istorioa da, iragana eta etorkizunaren arteko liskarra. Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Iraia Elias, Amaparo Badiola, Klara Badiola, Ander Lipus eta Manu Uranga dira protagonistak.
Azkenik, abenduaren 2an, ostirala: "Zigortzaileak" izango da ikusgai. Zenbait eskolakideren mehatxu eta irainei erantzuteko isilpeko defentsa talde bat osatzen duten ikasleen istorioa da, hasieran neska-mutilei zuzenduta, baina baita guraso eta helduei ere, 'bullying' delakoa baita jorratzen den gaia. Arantza Ibarraren gidoiarekin, zuzendaritza lanak ere berak egin ditu, Alfonso Arandiarekin batera.