Arantzazutik mundu zabalera lelopean XVII. biltzarra antolatu du Euskaltzaindiak bihartik larunbatera Arantzazun bertan. Azken egunean etorkizuneko bide-orria aurkeztuko du. Hori baino lehen, ordea, bihar bertan, atzera begiratuko du, euskara batuaren orain arteko ibilbideari errepasoa egiteko hainbat esparrutan. Mikel Zalbide euskaltzain osoak eskainiko du lehen hitzaldia, Euskaltzaindiaren sorrera eta euskara batuaren egitasmoa perspektiba soziohistorikotik aztertzeko.

Izan ere, euskara batuaren sorrera 1968ko biltzarrean kokatzeko joerari aurre egin eta hori baino lehen egindako lana ere nabarmenduko du Zalbidek, Euskaltzaindiaren sorreratik eta horren aurretik hainbatek egindako lana, “kate luze baten baitan”: “Dena ez dugu 50 urteotan guk egin, aurrekoek egundoko dedikazioa jarri zuten, debate biziak izan zituzten eta denak idatzita jaso ziren; hori aitortu egin behar da”.

Estandarizazioaren beharra

Estandarizazio baten beharra jada XVIII. mendean agertu zela gogoratu du Zalbidek, Larramendirekin, baina batez ere XIX. mende bukaeran zabaldu zirela hizkuntza bateratu bat lor-tzeko zantzuak eta saioak. “Eztabaida gogorrak, hil ala bizikoak hasi ziren”, aipatu du, batez ere Resurrección María de Azkue eta Sabino Aranaren proposamenak debatitzean. Adostasuna bilatu nahian arauak akademia batek jarri beharko lituzkela eta, hori sortzeko bidean hainbat biltzar egin zituzten XX. mendearen hasieran, 1918.ean, Eusko Ikaskuntzaren sorreraren harira, Euskaltzaindia sortu zen arte. Bi helburu zituen Akademia jaioberriak: euskara ez hiltzea eta norma unifikatu bat sortzea. “Normarik gabe salbatu da euskara milaka urtean, baina modernizazioan forma idatzi bat behar zen, XX. mendean gero eta jende gehiagok zekien irakurtzen eta idazten”, azaldu du.

“Hainbat kontzeptu oinarrizkoak jada hor definitu zituzten, Oñatin bertan lehen hilabete horietan”, gogoratu du Zalbidek. Tx, rr eta ll formak nola idatzi eztabaidatu zuten, adibidez. Maileguzko hitzekin zer egin ere beste eztabaida bat izan zen. “Aurretik Sabino Arana oso drastikoa izan zen horretan: fuera guztiak. Eta hitz berriak sortu zituzten, hizkuntzaren hainbat mekanismo erabilita. Jendeak uste baino horrelako hitz gehiago sartu dira azkenean hizkuntzan”, azaldu du. Debaterik handiena, hala ere, euskara batuaren konfigurazio orokorrak sortu zuen: euskalki bat aukeratuta sortzea, guztien nahasketa egitea, bat hartu (gipuzkera) eta osatzea...

Gerra ondoren, 50.eko hamarkadan, eztabaidak berpiztu eta, besteak beste, maileguen debatea itxi zuen Euskaltzaindiak: maileguak izanda ere, barneratuta zeudenak onartuko zituzten. “Fundamentala izan zen erabaki hori, izugarri potentea, jendeak ulertzen zituen neurrian onartzea hitz berriak; helburua jendeak ulertzea zen eta ez jendearekin deskonekta-tuko zuen hizkuntza sortzea”.

60. hamarkadarako gizartea aldatu zen: belaunaldi berriarekin giro urbanitagoa zegoen, euskal kantagintza berria sortu zen... “Rikardo Arregi giltzarria izan zen jendea alfabetatu behar zela aldarrikatu zuenean, plano idatzira pasa behar genuela, masifikatu behar zela idatzizko euskara”, gogoratu du Zalbidek. Ordurako lehen ikastolak lanean ari ziren, aldizkariak ere bai eta euskaraz idazteko arau praktikoak behar zituzten berehala. Baionan euskal idazkari-tzak oinarrizko norma batzuk hartu zituen, funtzionalak, gerra aurreko lana aitortuz eta eguneratuz.

Mitxelena eta Arantzazu

Testuinguru horretan deitu zuten Arantzazuko biltzarra 1968.ean. Txosten bat baino gehiago irakurri arren, Koldo Mitxelenarena izan zen onena eta gainerakoek onartu zuten. Mitxelenak ordura arteko erabaki batzuk berreskuratu eta, besteak beste, h-aren erabilera finkatu zuen, euskarak berea zuela gogoratuta (duela 1.000 urteko idatzietako herri izenetan jada agertzen da nonahi). “Eztabaida handia izan zen, tentsioa, irainak, mehatxuak...”, azaldu du Zalbidek.

Bustidurazko formak eta bariazio fonetikoak nola arautu ere erabaki zuten, forma neutro baten alde eginez. “Baina arazo handiena ez zen debatitu: aditza. Mitxelenak apropos utzi zuen aurrerago aztertzeko, beste gaiekin sortutako debateak ikusita”, azaldu du. Euskaltzainak garbi dauka “momentu hartan ezin zela gehiago lortu” eta egoeraren “oso irakurketa inteligentea” egin zuen Mitxelenak haren ustez. Izan ere, estandarizazioaren bidean gizartea atzean izatea oinarrizkoa da eta gizarte hori noraino hel daitekeen asmatzen jakitea ere bai, soziolinguistika egitea, azken finean. “Horregatik diot gerra aurrekoek ez zutela hutsik egin, Azkueren garaiko gizartea ez zegoen prest adostasun bat lortzeko; hark orduan egindako proposamena, gipuzkera osatua, eta euskara batua ez dira hain desberdinak”. Baina 1968an gizartearen jarrera bestelakoa zen eta batuak aurrera egin zuen.

Aditza aztertzean, 1919.ean esandakoari eutsi zioten: gipuzkera, goi nafarrera eta lapurterak amankomunean daukatenetik abiatu eta osatu besteekin. “Harrigarria izan zen, munduko haserre guztiak sortzeko boleto guztiak zituen gaiak, baina ez zuen debaterik sortu eta onartu egin zen”, gogoratu du Zalbidek. Eta hori izan zen Arantzazutik abiatuta euskara batuaren bidean hartutako beste pauso garrantzitsu bat.

Ordutik, Orotariko euskal hiztegia osatu da urte hauetan, testuetan erabili diren hitz guztiak jasota: “Egundoko lana”. Maileguzko hitz berriak landu dira eta hamaika arau finkatu ditu Euskaltzaindiak. “Arauak eman dira, baina estandarizazioa lortuta dagoela pentsatzen dutenak oker daude”. Prozesu soziologiko “luzea, konplexua eta oso delikatua” dela uste du, hamarkadak eta belaunaldiak behar dituena: “Lau fase ditu: arauak jendeari gustatu behar zaizkio, ikasi behar ditu, gero barneratu eta, azkenean, horiek erabili eta aplikatu”.

Euskara batua alor batzuetan azken fasean dago baina, besteetan, lehenengoan. “Zero fasean daudenak, zorionez, oso gutxi dira, oso gutxik ez dituzte onartu baturako eman diren arauak; kontsentsu soziala badago eta hori Euskaltzaindiak lortu du”. Zen-tzu horretan, pertsonalki garbi dauka euskara batua “XX. mende osoko apostu kolektiboa” izan dela eta normalizazioan lagundu duela.

Transmisioa

Dena den, euskararen egoerari erreparatuta, Zalbidek argi dauka hizkun-tzaren transmisioa plano informalean egiten dela, hizkuntza guztietan. “Euskara informala da transmisioaren oinarri; hori, literaturaren bidez, irratiaren bidez, estandarizazioaren bidez... aberastu, konplexutu eta osatu egiten da. Baina oinarria eguneroko plano informala da”, gaineratu du.

Azken 50 urteotako lanari begiratuta, eskolan jarri du arreta Zalbidek nahitaez gogoeta pertsonala egitean. Gazte gehienek D ereduan ikasten dutela ikusita, ereduen proposamenak “egundoko arrakasta” izan duela uste du. Baina, era berean, eskolan jarritako aurreikuspenak “guztiz okerrak” zirela onartu behar dugula ere uste du, “kostata ere”.

“Eskola euskaldunduta gizartea ere euskaldunduko zela pentsatu genuen denok, gizartea aldatzeko lokomotora zela eskola, eta ez da horrela izan”, aipatu du. Eskolaren lorpen handiak eta balioa onartuta, gizartea aldatzea “askoz konplikatuagoa” dela uste du: “Errealitate konplikatuago horri dagozkion erantzun bertebratuak sortzen jakin beharko genuke orain”.

Ildo horretan, Zalbidek gogoeta egiteko garaia dela uste du eta epe luzerako estrategia lantzeko garaia. Esparru formalean lortutakoak nabarmendu ditu euskaltzainak, “doktore tesiak euskaraz egiten dira, Kutxan dirua euskaraz atera dezakegu, euskaraz telebista ikusi eta liburuak irakurri... Hori guztia oso ondo dago, nola ez, lorpen handiak dira; baina umeek ez dute euskaraz egiten”.

“Hil ala biziko momentua da eta euskararen biziraupena lortzeko funtsezkoa zer den asmatu behar dugu. Hori hizkuntza soziologia da eta munduko adituekin egin beharko genuke, intentsitatez, epe luzera begira”, proposatu du Zalbidek.