andoain - 30. urteurrena ospatuz banatu ziren atzo 2018ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, 30 urte-10 mugarri lelopean. Ekitaldia Andoaingo Bastero Kulturgunean egin zen eta euskarazko komunikazioaren esparruko eta euskalgintzako pertsona ezagunek parte hartu zuten. Esate baterako, Joxe Mari Iriondo, Luzien Etxezaharreta edota Begoña Arregi, Rikardo Arregiren arreba eta lankidea.

Sariketaren sortu zenetik hiru hamarkada betetzen zirenez, edizio berezia antolatzea erabaki zuen Andoaingo Udalak. Beraz, ezohiko ekitaldia izan zen, sariek atzera begirako kutsua izan baitzuten. Helburua euskal kazetari-tzak azken mende erdian egin duen lana eta horren hamar mugarriren aitortza izan zen.

Saria Andoaingo Udalak sortu zuen duela hiru hamarkada, eta geroztik urterik urte egin du deialdia, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzarekin. “Gaur egungo euskarazko kazetaritzak, zorionez, antzekotasun gutxi dauka iraganekoarekin. Aurrera egin du, hazi egin da, heldutasuna eskuratu du. Baina hau ez da hutsetik sortu. Urte askotako eta jende askoren lana dago oinarrian”, adierazi zuen Andoaingo alkateak, Ana Carrerek.

Epaimahaiak sarituriko hamar mugarriak askotarikoak izan ziren eta talde eta hedabideetako ordezkariek parte hartu zuten.

Lehenengo saritua Anaitasuna aldizkaria izan zen, “newsmagazine eredua euskarazko prentsara ekartzeagatik eta euskara batuari egindako ekarpenagatik”. Modu berean, kazetaritzari kutsu modernoa ematea argudiatuta epaimahiak Zeruko Argia eta Argia goratu zituen.

Bestalde, Tokiko hedabideen esparruan, Ttipi-Ttapa aldizkaria eta Goiena hautatuak izan ziren.

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea ere saritua izan zen, euskal gizartearen komunikazio beharrei erantzuteko profesionalak prestatzeko egiten duen lanarengatik.

Bestetik, Elhuyar aldizkariak zientzien esparruan, inoiz aztertu gabeko gaiak azalertzeko egindako lana laudatu zuten sari-emaileek.

Euskaldunon Egunkariak “euskarari prentsa idatzian eta Interneten egindako lekua” aitortu zuten.

Iparraldeko hedabideek Euskal Irratiak federazioan izan zuten euren ordelaria. Gaur egun, geroz eta irrati gehiago sortzen ari dira Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean.

Azkenik, Eibar.org gunea saritu zuten, batik bat “punta-puntako teknologia eta aurrerabideak euskararen zerbitzura jarri baitzituen”.

Ekitaldia bukatzeko, Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hartu zuen hitza. “Hiru hamarkada hauetan euskarak azken mendeotako biziberritzerik azpimarragarriena izan du. Ez da kasualitatea. Funtsezkoa izan da hedabide publiko zein pribatuek egin duten ahalegina euskarazko kalitatezko edukiak lantzeko”, ziurtatu zuen Zupiriak, gizarte eta erakundeen papera goraipatuz.

Anaitasuna. Angel Zelaieta.

Zeruko Argia eta Argia. Estitxu Eizagirre eta Josu Landa.

Ttipi-Ttapa. Aitor Arotzena.

EHUko GKZ. Nekane Balluerka eta Simon Peña.

EITB. Maite Iturbe.

Elhuyar aldizkaria. Aitziber Agirre.

Euskaldunon Egunkaria. Martxelo Otamendi.

Euskal Irratiak iparraldeko federazioa. Maritxu Lopepe.

Eibar.org. Luistxo Fernandez.

Goiena. Iban Arantzabal.